Sugaray Rayford, Travellin' Brothers, The JB's-original James Brown band eta Popa Chubby, Getxoko Blues jaialdian

Bizkaie! 2016-07-12 10:26   Musikea

Saio nagusiak Algortako Biotz Alai plazan izango dira, 21:00etatik aurrera (14an, 20:00etan) eta, hilaren 15ean eta 16an, The Piper's Irish Pubean Iker Pirisek & Blas Picónek osotutako bikoteak eta Bocinegro taldeak joko dabe 23:00etan.

Garagarrilaren 14tik 16ra, 28. Nazioarteko Blues Jaialdiak bluesaren doinuak hurreratuko ditu Getxora. Aurten upealako egitaraua atondu dabe: lehenengo egunean, Sugaray Rayford, Travellin' Brothers bandeagaz batera; bigarrenean, The JB's-Original James Brown Band eta azken egunean, Popa Chubby gitarra-jotzailea. Urtero legez, saio nagusiak Algortako Biotz Alai plazan izango dira, 21:00etatik aurrera (hilaren 14an, 20:00etan) eta, hilaren 15ean eta 16an, The Piper's Irish Pub Algortako tabernan Iker Pirisek & Blas Picónek osotutako bikoteak eta Bocinegro taldeak joko dabe 23:00etan.

Sugaray Rayfordek zabalduko jaialdia datorren eguenean, hilaren 14an. Eskola zaharreko abeslaria dogu, Muddy Watersen, Otis Reddingen eta James Brown famatuaren kutsua daukana. The Mannish Boys Chicagoko blues talderik famatuenetako bateko kantaria da, eta Blues Tradizionaleko Diskorik Onenaren saria irabazi eban 2013ko Blues Music Awards sariketan. Getxon, Travellin’ Brothers bizkaitarrakaz batera joko dau, One Day In Norway disko barria besapean ekarriko dabenak. Talde honek bira arrakastatsua egin dau bere diskoagaz Alemania, Polonia, Portugal, Norvegia, Suitza, Frantzia, Danimarka, Holanda, Belgika, Ingalaterra eta AEBetan.

Bigarren egunean, The Original JB's James Brown Band helduko da Getxora. Talde berezi honen ardatza James Brownen ondarea da, musikearen mugak gainditzen dituana. Taldeko gidariak Martha High abeslaria eta Danny Ray handia dira, jatorrizko taldeko kide izan ziranak 60ko hamarkadatik. Taldeak soularen aitabitxiaren errepertorio oparoa jotaen dau. Proiektu hau da James Brownen familiak onesten eta babesten dauen bakarra, eta kontzertuetan batzen daben diruaren zati bat baliabiderik bako gazteentzat musika-programak ordaintzeko erabilten dau.

Getxo&Bluesi amaierea emoteko, New Yorkeko Popa Chubby bluesmana agertuko da oholtzan; New Yorkeko Bronxen hasi zan joten 90eko hamarkadan: bluesaren bersino zuri, kaletar eta apokaliptikoa. ZZ Top edo Motörheadengandik hur, baina baita BB King eta Muddy Watersengandik be, agertokian riff latz mordoa joten dau, rock klasikoaren kutsuagaz. Horrezaz gan, funk, soul eta hip hopagaz be esperimentau dau bere hogeita bost urteko ibilbidean zehar, hogei bat grabazino tarteko dirala.

Biotz Alai plazako kontzertuez gan, beste saio bi izango dira aurten Algortako The Piper's Irish Pubean. Bertan, hilaren 15ean, barikuan, 23:00etatik aurrera, Iker Pirisek eta Blas Picónek osotutako bikoteak joko dau. Biharamunean, hilaren 16an, Bocinegro kanariarren txandea izango da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu