Hiroshima, berpiztutako uria

Zigor Aldama 2016-07-11 13:10   Bidaide

1589. urtean sortutakoa, Bigarren Mundu Gerrearen ondorioz birrinduta geratu arren, gaur egun uri modernoa da, industriagune eta aisialdirako gune garrantzitsua, mundu guztiarentzat atsegina.

1945. urtean, adituek esan eben Hiroshiman ez zala ezer haziko 70 urtean, gerra ekintza batean erabilitako Little Man, lehenengo bonba atomikoak erradiazino handia askatu ebala eta zazpi hamarkadatan basamortu eremua izango zala adierazo eben. Egia esan, AEBek jaurtitako leherkailuaren indar suntsitzailea sekulakoa izan zan. 12.500 tona TNT lehergaiaren indarraren pareko 60 kilo uranio-235 erabili zituen Hiroshiman, leherketearen erdigunean 3.000 graduko tenperaturea eraginez.

Sute erraldoiak kilometro batzuetan egoan guztia kixkali eta 80.000 lagun inguru hil ziran berehala; hurrengo hamarkadotan milaka izan ziran erradiazinoaren eta horren ondorengo gaixotasunen ondorioz hildakoak. Hiroshimako Bakearen Museoak gordintasun guztiagaz jaso dauen holokaustoa izan zan; ikus-entzunezkoen bitartez, sarraski haretatik bizirik urten eben hibakusha lagunen kontakizuna entzunda, bihotza uzkurtuta eta negar anpuluakaz geratzea da normalena.

Baina, zorionez, adituek ez eben euren iragarpenean asmau. Hiroshimaren berpizkunderako ez da horrenbeste denpora igaro; sarraskitik pare bat hamarkada aurrerago, Honshu japoniar ugarteko isla nagusieneko hegoaldean kokatutako uriak normaltasuna berreskuratu eban. Gaur egun uri bizi-bizia da eta herrialdearen enkantu guztiakaz gozau daiteke bertan. 1589. urtean sortutakoa izan arren eta Bigarren Mundu Gerrearen ondorioz birrinduta geratu arren, gaur egun uri modernoa da, industriagune eta aisialdirako gune garrantzitsua, mundu guztiarentzat atsegina.

Itxuraz, leku lasaia da Hiroshima, edozein gogaitzeko modukoa. Iluntzeko zortziretatik aurrera bertako aireportuan lurreratzea gogorra izan daiteke, ordu horretatik aurrera ez dagoalako ezelako mobimenturik. Ez dago kutxazainik, ezta txanpon trukerako bulegorik zabalik eta azkar ibili behar da uriaren erdialdera eroango gaituan autobusa galdu gura ez badogu. Ibilbide osoa ia ilunetan egiten da eta tarteka herri txiki bildurgarri batzuk agiri dira. Baina Hiroshima uriko kaleetan be ez dago animazino berezirik.

Edozelan be, Osaka edota Tokion dagoan gaueko aisialdirako aukerarik ez dagoan arren, Hondori auzoa, Aioi-dori eta Heiwa-Odori kaleen artekoa, nahikoa bizia da, Japoniako aisiaren erakusgarri: gazteenei karaoke lokalak gustetan jakez Enrique Iglesias eta modako beste kantu batzuk hankaz gora jarteko eta edadeko traje eta gorbatadunak, barriz, lankideakaz taberna txikietara joaten dira mozkortzen.

Egunez, biharamunagaz edo biharamun barik, A-dome eraikina eta Bakearen Parke Memoriala bisitau behar dira nahitaez. Jan Letzel txekiar arkitektoak diseinautako eraikina arma nuklearren kontrako sinbolo bihurtu da, izan be, leherketa atomikoaren erdigunetik hur, egiturearen zati bati eutsi eutson bakarra izan zan. Aurrerago polemika biziaren ardatz be izan zan ze batzuen eretxiz, eraikin hori behera bota behar zan, leherketeak kaltetutako beste eraikin guztiakaz batera; beste batzuen ustez, ostera, sekula ez errepetiduteko ezbehar baten gomutarako sinbolotzat hartu behar zan. Eta azken horreen jarrerea izan zan indarra hartu ebana eta 1967. urtean, eraikinaren egiturea sendotzea erabagi eben. Gaur egun, bisitariek isilean egiten ditue ibilbideko metro guztiak sarraskitik bizirik urten ebenen makinatxu bat argazki, autortza eta agiri ikusi eta irakurten dituen bitartean.

Gerrearen kontrako mezu hori bialdu gura jako munduari aitatu eraikinetik hur dagoan Sadako Sasakiren omenez eregitako Umeen Bakearen Monumentuan be; Sasaki erradiazino atomikoak eragindako minbiziak jota hildako neskato bat izan zan, mila egin ezkero, desio bat eskatzeko esperantzeagaz, papel-txoriak egin zituana, erasoan hildako umeen sinbolo bihurtutako papel-txoriak. Ume horren historiak errubako biktima izatea zer dan ezin hobeto adierazoten dau.

Zorionez, parkea eta tragedia ez doaz beti bat. Izan be, Hiroshimako lekurik baketsuena bihurtu da azken aldion. Bikote gazteek euren maitasuna adierazoteko leku atsegina da, erreka bazterrean era guztietako ospakizunak egiteko lekua eta edadekoen paseorako leku aproposa; bertako bankuetatik A-dome eraikina ikusten da eta, duda barik, uriaren berpizkundearen erakusgarri aparta da. Ezbeharraren urteurrena abuztuaren 6an gogoratzen da urtero ehundaka papelezko faroltxu askatuz eta gehienentzako amesgaiztoa, besterik ez da bonba atomikoarena.

Horrezaz gan. Hiroshiman badagoz gizakiaren astokeriak ahaztu eta egun eder bat igaroteko atxakiak. Interesgarrienetakoa uriko gaztelua da, 1589an eregitako instalazino militarra. Egun museoa da, antxinako objektuak batu dituana eta kanpoaldean parke eta pasealeku ederrak dagoz; baina domekatan ez joatea da nire gomendioa, izan be, Aki Hiroshima Bushotai, samurai modernoen topaleku izaten da eta errealidadeagaz zerikusi handirik bako ikuskizunak eskaintzen ditue, Japoniagaz lotutako irudi okerrari eutsiz.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu