Bilboko Erraldoi eta Buruhandiak eta 1978/2016 bitarteko Aste Nagusiko kartelak batzen dituan 'Bilbo jaietan' erakusketea aurkeztu dabe
2016-07-06 13:42 KultureaEuskal Museoak eta Bilboko Udalak erakusketa bi aurkeztu ditue udaldirako, garagarrilaren 7an hasi eta irailaren 4ra bitartean: Bilboko Erraldoiak eta Buruhandiak eta 1978-2016 Aste Nagusietako kartelak.
Bilbo, jaietan izenburupean, Euskal Museoak eta Bilboko Udalak bi erakusketa paralelo aurkeztu ditue udaldirako, garagarrilaren 7an hasi eta irailaren 4ra bitartean: Bilboko Erraldoiak eta Buruhandiak eta 1978-2016 Aste Nagusietako kartelak.
Erraldoi bikote batek (momentuz, ez dogu izenik aurreratuko) ondoetorria egingo deutse Miguel Unamuno plazara hurreratzen diran guztiei, eta Museo barrurako bidea erakutsiko. Bertan, Bilboko Aste Nagusian jai-taldea osotuz lau metro baino gehiago neurtzen daben 14 erraldoi eta 10 buruhandien artean ibili ahal izango dira, eta 1978 urtetik ospatu diran Aste Nagusiaren 39. edizinoetan izandako kartelak ikusi ahal izango ditue.
Horrezaz gan, garagarrileko eguenetan, goizez, Ondalan Erraldoi Konparseak Museoko klaustroan jarriko dau bere jantza eskolea; nahi daben umeek parte hartu ahal izango dabe, aldez aurretik izena emon ostean.
Inaugurazinoagaz bat eginez, XIX. mende amaierako Bilboko Erraldoi bikoteak protagonista diran jantzearen birsorkuntzea aurkeztuko da garagarrilaren 7an, arratsaldeko 19:00retan. Klaustroan jantzan egin ostean, Erraldoiek Zazpi Kaleetatik barrena desfilauko dabe (Gurutzea / Dendari kalea / Santiago plaza / Bidebarrieta / Loteria kalea / Posta kalea / Plaza Barria / Kapelagile kalea / Museoa), biribilketa alaian, gaiten musikeagaz. Jarduerea Bizkaiko Gaiteroek, Beti Jai Alai taldeak eta Euskal Museoak antolatu dabe, Bizkaiko Dantzarien Biltzarragaz lankidetzan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!