Batxilergoko 1.433 ikaslek egingo ditue gaurtik aurrera Unibersidadera sartzeko ezohiko probak UPV/EHUn

Bizkaie! 2016-07-06 11:05   Kulturea

Ohiko deialdian, Batxilergoko 9.663 ikasle aurkeztu ziran, eta, erreklamazinoen prozesua amaituta, % 98k gainditu eban fase orokorra.

Gaur, garagarrilak 6, 8:45ean, Euskal Autonomia Erkidegoko Batxilergoko 1.433 ikaslek hasi ditue Unibersidadera sartzeko probak UPV/EHUn, ezohiko deialdian. Ohiko deialdian, Batxilergoko 9.663 ikasle aurkeztu ziran, eta, erreklamazinoen prozesua amaituta, % 98k gainditu eban fase orokorra.
Azterketak hiru egunetan zehar egingo dira, barikura arte, garagarrilaren 8ra arte.

Euskal Autonomia Erkidegoko Batxilergoko ikasle gehienek euskeraz egingo ditue azterketak, 925ek euskeraz eta 508k, ostera, gaztelaniaz.

Unibersidadera sartzeko probak fase bi izango ditu: orokorra eta espezifikoa. Fase orokorrak Batxilergoa amaitzean ikasleek graduko unibersidade-ikasketa ofizialak egin beharreko heldutasuna eta oinarrizko trebetasunak dituen ala ez neurtzea dau helburu. Honako bost azterketez osotuta dago: Gaztelania eta literaturea; Euskerea eta literaturea; Filosofiaren historia edo Historia; Atzerriko hizkuntzea eta Batxilergoko 2. mailako modalidadeko ikasgai baten azterketea, ikasleak nahi dauena. Gai bakotxak 0 eta 10 bitarteko notea jasoko dau, eta fase honetan gehienez 10 atera daiteke.

Batxilergoko notearen eta fase orokorreko kalifikazinoaren artean egindako batez besteko nota haztatuan (% 60 Batxilergoari jagoko eta % 40 fase orokorrari) 5 puntu edo gehiago lortu ezkero probea gainditutzat joko da, baldin eta ikasleak fase orokorrean gitxienez 4 puntu atera baditu.

Fase espezifikoa borondatezkoa da eta haren helburua da neurtzea ikasleen ezagutzak eta arrazonetako gaitasuna arlo jakin batzuetan, hau da, unibersidadean egin nahi dituan ikasketakaz zerikusia daben arloetan. Fase honek aukerea emoten deutso ikasleari fase orokorrean lortutako kalifikazinoa hobetzeko. Parte espezifikoan ikasle bakotxak Batxilergoko bigarren mailako modalidadeko edozein gai aukeratu leike, fase orokorrerako aukeratu dauena izan ezik. Gehienez lau gairen azterketak egin ahal izango ditue fase espezifiko honetan. Eta, gehienez, 4 puntu eskuratu ahal izango ditue. Gai bakotxari 0 puntutik 10 puntura bitartean emongo jako, gitxienez 5 bat lortzen bada hartzen da kontuan, eta azkeneko notea aterako da borondatezko bi nota onenak eta haztatzeko parametroak biderkatuz. Haztatzeko parametroen baloreak 0,1 eta 0,2 dira eta unibersidadeak ezartzen ditu gaiak hautatutako graduagaz dauen loturearen arabera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu