Getxoko Utopian taldeak irabazi dau Fetabi 2016 Saria
2016-07-06 08:16 KultureaBilboko Antzerki Eskola Jaialdiak hamaika proposamen desbardin taularatu ditu bere bosgarren edizinoan
SGAE Fundazinoa eta Lurralde Batzordearen ekimenez, lehiaketearen bosgarren edizinoa Bilboko Campos Eliseos Antzokian gauzatu da, bagilaren 27tik garagarrilaren 3ra. Aurtengo ekimenak baekarren barrikuntzarik, izan be, lehian sartu ez diran proposamenak Off Fetabi izeneko atal batean oholtzaratuak izan dira, Kupula Aretoan. Ikuskizunak ebagilaren 27tik ugaragarrilaren 2ra garatu dira, Teatro Aretoan lehian joan diranak, eta Kupula Aretoan lehiatik kanpo Off Fetabi izeneko horretan ikusgai izan diranak. Hilaren 3an, barriz, itxiera ospakizuna eta sari banaketea izan da Teatro Aretoan, Marta Urcelay eta Izaskun Barroso antzezleek aurkeztu daben ekitaldian.
Euskadiko proposamenak zortzi izan dira: Bizkaiko Antzerki Ikastegia Barakaldotik; EHUko Antzerki Laborategia Donostiatik; Nexo Teatro (Con la que está cayendo taldea) eta Anima Eskola, Bilbotik; eta, Getxo (Utopian taldea) eta Portugaleteko Antzerki Eskolak. Iruñeatik proposamen bakarra etorri da, hau da, Nafarroako Unibersidadearena (Mutis por el foro taldea); Euskal Herritik kanpoko lanak bi izan dira: TECU taldea Logroñoko Errioxar Unibersidadetik eta, Valladolidetik, Gaztela Leongo Arte Dramatiko Goi mailako Eskolan ikaslea dan Álvaro Caboallesek aurkeztutakoa.
FETABI jaialdian parte hartzerik izan dabe antzerki-eskola ofizial zein ez ofizialetako ikasleek osotutako antzerki talde edo konpainiek, Espainiar estadukoak izanik zein unibersidade-campusetako ikasleek osotutako antzerki taldeek.
Lehiaketan aurkeztu diran antzezlanen testuak, originalak edo aurreko obra dramatiko edo beste genero bateko moldaketak izanda bere, aurretik SGAEn erregistrauta egon behar ziran, edo Jaialdian publikoaren aurrean antzezten ziranean erregistrauta. Horrezaz gan, aurkeztutako obrak (gehienez hiru) Estaduko edozein hizkuntza ofizialean antzeztu eitekezan, beti be, urte hasieran onartutako oinarrien arabera.
Era berean, zeozer berezia dabe orain emondako sariek, izan be, sariak baino antzerkigintzan formazinoa eta prestakuntzea sustatzea bilatu baita. Hasteko 6 sari aurreikusi dira; horreekaz batera Ikuslegoaren Saria eta Moldatutako testu eta Zuzendaritza eszeniko onenei diploma edo ziurtagiriak.
Berez, lanak aurkezteagaitik be 11 taldeek parte-hartze ziurtagiria jaso dabe. Hautatua izateagaitik dagoeneko talde edo konpainiek 545 €ko laguntzinoa jasoko dabe; 250 € OFF FETABIn taularatuak diranak. Egiletza Originalaren Testu Onenari Saria irabazi dauenari 500 euroko zenbatekoa emon deutso eskudirutan SGAEren Euskadiko Lurralde Kontseiluak. Emakumezko Aktore onenari Saria eta Gizonezko Aktore onenari Saria irabazi dabenei 300 euroko zenbatekoa emon deutse, kasu honetan, AISGE Fundazinoaren izenean Mario Pardo aktoreak. Ikuskizun onenari Saria irabazi dauen antzerki talde edo konpainiari 200 euroko zenbatekoa emon deutso Deabru Beltzak euskal antzerki konpainia profesionalak.
Epaimahaiaren sariez gan, publikoaren sari berezia emon jako Jaialdiko ikusleen ikuskizun bozkatuenari.
Amaitzeko, 200 € aurreikusi zituen aurten lehen aldiz indarrean sartzen zan sariaren irabazlearentzat, hau da, Euskerazko Ikuskizun onenari, baina, epai-mahaiak berau emon barik ixtea erabagi dau.
Fetabi Sariak 2016
- Ikuskizun Onena: Paren el mundo 2.0 (Utopian - Getxo).
- Jatorrizko egiletza Onena: Fernando Montoya (BAI Barakaldo).
- Gizonezko Antzezle onena: Unai Baiges (Getxoko Antzerki Eskola).
- Emakumezko Antzezle onena: Ianire Calvo - Estela Celdrán (Ánima Eskola Bilbao).
- Euskerazko Ikuskizun onena: Emon barik.
- Moldatutako testu onena eta Zuzendaritza eszeniko onena: Galder Perez (Ánima Eskola Bilbao).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!