Daahoud Salim Quintet taldeak irabazi dau Getxoko Jazzaldiko Talde Lehiaketea
2016-07-05 12:24 MusikeaTalde Lehiaketearen irabazleek 3.750 euro jaso eta CDa grabauko dabe. Ganera, gaur, garagarrilak 5, kontzertua emongo dabe barriro Algortako Biotz Alai plazan, 21:00etan, Esperanza Spaldingen kontzertuaren aurretik.
Daahoud Salim Quintet izan da Getxoko Jazzaldiaren Talde Lehiaketako irabazlea, epaimahaiak zein publikoak emoten dituen sariak eskuratuta. Ganera, Daahoud Salim piano-joleak bakarlaririk onenaren saria jaso dau. Bestalde, bigarren saria Tomasz Wendt Trio hirukote poloniarrak irabazi dau.
Daahoud Salim Quintet taldea Amsterdamen sortu zan; Espainia, Alemania eta Hego Koreako artistak dagoz bandan, Holanda eta Espainiako agertokirik ospetsuenetan (Bimhuis, Concertgebouw, Auditorio Nacional, Grachten Festival, North Sea Jazz Festival...) ibilitako musikariek sari garrantzitsuak irabazi ditue eta Jazz Orchestra of the Concertgebouw lako talde handiakaz jardun dabe alkarlanean. Euren musikearen oinarria Daahoud-en eta bere aitaren (Abdu Salim) konposizinoak dira. Espainian jazzaren aitzindarietako bat da Abdu Salim; Andaluziako lehenengo jazz-eskolea sortu eban eta talde irabazlearen inspirazino-iturria da.
Bigarren sariaren irabazleak, Tomasz Wendt Trio talde poloniarrak, bere herriko eszenatokietako jazzeko instrumentistarik adierazgarrienetako bat dauka buru (Tomasz Wendt piano-jolea); ganerako kideak sorkuntza eta inprobisazino doe handiko musikari gazteak dira. Euren konposizinoetan jazzaren tradizinoaren eragin garrantzitsua agertzen da, nahiz eta musikearen bide barriak bilatzeko prest azaldu.
Talde Lehiaketearen irabazleek 3.750 euro jaso eta CDa grabauko dabe. Ganera, gaur, garagarrilak 5, joko dau barriro Algortako Biotz Alai plazan, 21:00etan, Esperanza Spaldingen kontzertuaren aurretik. Era berean, irabazleek Lovainako (Belgika) Jazzaldian parte hartuko dabe, Getxo Jazzak jaialdi horregaz daukan lankidetza-hitzarmenari esker. Bigarren sariari 1.500 euro jagokoz eta, azkenik, bakarlaririk onenak 750 euro jasoko ditu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!