Lehendakaria euskal olinpiko eta paralinpikoakaz batu da

Bizkaie! 2016-06-30 08:31   Kulturea

Abuztuaren 5etik 21era izango dira Joko Olinpikoak eta irailaren 7tik 18ra, barriz, Joko Paralinpikoak.

Iñigo Urkullu lehendakaria, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburu Cristina Uriarte eta Kiroletako zuzendari Jon Redondo Rio de Janeiroko Joko Olinpikoetan eta Paralinpikoetan lehiatuko diran euskal kirolariakaz batu dira gaur goizean.

Abuztuaren 5etik 21era izango dira Joko Olinpikoak eta irailaren 7tik 18ra, barriz, Joko Paralinpikoak. Oraingoz, 22 euskal kirolarik parte hartuko dabe ziur, eta beste 11k parte hartzeko aukerea dabe oraindino. Atletismoan, triatloi egokituan eta banakako beste kirol batzuetan, kirol-egutegiko lehiaketarik garrantzitsuenean parte hartzeko gitxieneko markak edo puntuak lortu daitekez oraindino. Bestalde, zenbait talde-kiroletan, laster jakinarazoko ditue hautatutako jokalarien zerrendak federazinoek, esaterako, eskubaloian, emakumezkoen belar-hockeyan eta gizonezkoen eta emakumezkoen zazpiko errugbian.

Ondoko kirolariak izan dira gaur goizeko harreran:

    Maialen Chourraut (piraguismoa - eslaloma).
    Carlos Tobalina (atletismoa - pisu-jaurtiketea).
    Trihas Gebre (atletismoa - 10.000 metro).
    Ignacio Martin (zazpiko errugbia).
    Pablo Feijoo (zazpiko errugbia).
    Igor Genua (zazpiko errugbia)
    Bárbara Pla (zazpiko errugbia).
    Tania Calvo (pistako txirrindularitzea).
    Ane Santesteban (errepideko txirrindularitza)
    Sugoi Uriarte (judoa).
    Asier García (gurpil-aulkiko saskibaloia).
    Amador Granados (pistako txirrindularitza egokitua).
    Rakel Mateo (triatloi egokitua).

Horreez gan, Ander Elosegik (piraguismoa - eslaloma), Iñigo Peñak (piraguismoa - pista), Pablo Carrerak (tiro olinpikoa), Ainhoa Muruak (triatloia), Markel Alberdik (ugerketea) eta emakumezkoen eskubaloi eta belar-hockey taldeek be parte hartuko dabe Jokoetan, baina ezin izan dira lehendakariagaz batu, kanpoan dagozalako hitzordu garrantzitsua preparetan.

Topaketan, lehendakariak Olinpiar Jokoetan parte hartuko daben kirolariei babesa eta konfiantzea adierazo deutse; Urkulluren esanetan, gizartearentzat erreferente eta eredu dira kirolariok, batez be gazteen artean. 'Goi-mailako kirolean jardutea erabagi dozue; kasu askotan, lanagaz edo ikasketakaz buztartzen dozue. Ahaleginaren, dedikazinoaren eta konpromisoaren adibide garbia zarie', gaineratu dau. Era berean, Basque Team taldearen lana be nabarmendu dau; fundazino hori kirolariei bitartekoak emoteko beren-beregi sortua da, goi-mailako lehietan parte hartu deien. Basque  Team  Euskadiko  eliteko  kirolaren erreferentzia nagusia da. Laguntza ekonomiko, tekniko eta biomedikoak eta psikologia, irudi eta komunikazino aholkularitzea eskaintzen deutseez kirolariei.

Gaur egun, goi mailako 60 kirolari hartzen ditu, eta 25 kirol diziplina baino gehiago. Hainbat muetatako kirol proiektu garatzen eta horreetan parte hartzen dauen arren eta diziplina olinpikoak eta ez olinpikoak barne hartzen dituan arren, fundazinoaren oinarria Joko Olinpikoak eta Paralinpikoak dira. 2012ko Londreseko Joko Olinpikoetan, Basque Teameko kirolariek 4 domina eta 4 diploma irabazi zituen, eta Joko Paralinpikoetan, barriz, 2 domina eta 2 diploma.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu