'Estalien gradora' poema-liburua plazaratu dau Joxe Austin Arrietak

Bizkaie! 2016-06-29 10:14   Kulturea

Azken hamarkada bietan idatzitako olerkiak batu ditu Joxe Austin Arrietak lan barrian. Barrikuntzei uko egin barik, idazlearen orain arteko obrearen sintesia da Estalien gradora (Txalaparta).

Mikel Soto eta Joxe Austin Arrieta, liburuaren aurkezpenean (argazkia: Berria) | Ikusi handiago | Argazki originala

Mikel Soto editoreak liburuaren aurkezpenean azaldu dauenez, Txapalartak ez dau poesiarik argitaratzen. Beraz, Arrietaren liburua salbuespena da. Sotok berak argitaratu nahi izan dau Estalien gradora, baina zailtasunak topau ditu bidean, argitaletxeak olerkigintzako lanik plazaratzeko ohiturarik ez daukan ezkero. Inguruko hainbat lagunen babesari esker atera ahal izan dabe liburu hau.

Hiru gai nagustian banatuta dago Estalien gradora. Lehenengoa, Estalien gradora izena dauena, antzerkiagaz parekatu dau Arrietak eta liburu guztiko poemak lotzen ditu. Berbatze enea izenekoa, ostera, autopsikoanalisitzat jo dau autoreak. Amaitzeko, Zuhandor bidea izeneko gaian, bestelako gogoeta batzuk egiten ditu Arrietak, erlijinoaren ganean esaterako. Hiru gai nagusiak hiruna aldiz agiri dira, alkarregaz tartekatuta, liburua guztira bederatzi zatitan banatuaz. Ganera, liburuaren hitzatzea edo epilogoa Mikel Antzak idatzi dau. 

Estalien gradora izenburuak Stalingrado uriaren izena gogora dakar eta lotura hori ez dau ukatu Joxe Austin Arrietak. Pelikulakaz eta Volga ibaiagaz lotzen da Stalingrado eta liburuan ez dira faltau horreek elementuak.

Oraintsu idatzitako poesiak eta orain dala urte batzuetakoak tartekatu ditu Joxe Austin Arrietak liburuan. Horregaitik, esan dauenez, izakera asko daukaz liburuak: Alde batetik, bada aurretik egindako lanaren bildumea baina, bestetik, barrikuntzeari be lekua egin deutso, estiloaren zein formearen aldetik.

Berak sortutakoakaz batera, beste autore batzuen olerkien moldaketa eta itzulpen batzuk sartu ditu Arrietak. Ganera, alter ego biren, Niketz eta Edgarren arteko alkarrizketa kritikoa be idatzi dau.

Poesia gogoetarako eremua izan behar da, Arrietak adierazo dauenez. Poesiaren indarra aldarrikatu, baina horrek erantzunkizun handia dakarrela onartu dau idazleak. Arrietaren berba poetiko eta politikoa topauko ditu irakurleak liburuan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu