Hiru antzerkigileri emon deutse EHGAMek Urrezko Hirukia Saria

Dabi Piedra 2016-06-28 12:32   Kulturea

Iker Ortiz de Zaratek, Javier Liñerak eta Jon Koldo Vazquezek LGTB kolektiboa bistaratzeko obrak estreinau ditue aurten. Bestetik, EHGAMek erabagi dau, Trapuzko Espartina Saria aurten emon barik lagatzea.

Jon Koldo Vazquez, Javier LiƱera eta Iker Ortiz de Zarate | Ikusi handiago | Argazki originala

Urrezko Hirukia emonda, mundu justuago baten alde egiten daben personak saritzea da gure asmoa, batez be harreman afektibo-sexualen alorrean lan egiten dabenak, azaldu dau Imanol Alvarezek, EHGAM Euskal Herriko Gay-Les Askapen Mobimentuko ordezkariak. Aurten, hiru antzezleri emon deutsie Urrezko Hirukia. Nork bere modura, lan txalogarria egin dabe hirurek, dino Alvarezek.

LGTB kolektiboaren eskubideen edo onarpenaren alde lan egiten daben antzerkilari gehiago be badagozala gogoratu dau Alvarezek, baina hiru sarituek aurten estreinau dabe obra bana: Iker Ortiz de Zaratek De Profundis eroan dau oholtzara; Javier Liñerak, Barro rojo eta Jon Koldo Vazquezek +, positivo. Aktore ez eze, zuzendari eta gidoilari be ibilten dira hiru sarituak.

Bizitzearen aniztasuna erakustea, hori da gure meritu bakarra, adierazo dau Iker Ortiz de Zaratek, saria jasoteko ekitaldian. Oscar Wilde idazle irlandarraren obran oinarritutako antzezlana da De Profundis. Era berean, antzerki-eskoletan eta gazteen artean sexu askatasunaren inguruan egiten dauen lana be gogora ekarri nahi izan dau Ortiz de Zaratek, gizartean aurrerapausuak egiten dabilzala ikusi ahal izan dauelako. Euren arteko konplizidade horretan, gazteek era guztietako harremanak onartzen ditue.

Bestetik, Jon Koldo Vazquezek GIB birusaren transmisinoan arretea ipini nahi izan dau, +, positivo lanaren bidez. Izan be, arazo horren aurrean gizartea erlaxatzen hasi dala uste dau. Igaz Euskal Herrian GIB birusaz kutsatutakoen % 60, beste gizon batzukaz harreman sexualak euki zituen gizonak izan ziran. Bere kezkak oholtzara eroan ditu Vazquezek: Ahalegin handia egin behar izan dot antzezlan hau sortzeko eta eskertzen da saria jaso izana.

Javier Liñerak, Barro rojo antzezlanean, Europako kontzentrazino-esparruak eta Espainiako kartzelak aztertu ditu, harreman afektiboen askatasunaren ikuspegitik. Fikzinozko istorioak dira, zehaztu dau Liñerak.

Orain dala 20 urte ingurutik hona, Urrezko Hirukiagaz batera, Trapuzko Espartinea emoten dau EHGAMek, LGTB kolektiboaren edo aniztasun afektiboaren kontrako jokabideak salatzeko. Aurten, baina, hutsik itxi dabe saria. Joseba Alvarezek azaldu dauenez, hautagaiak egon badagoz, baina betikoak dira, beti izaten dira eleizeagaz edo eskumako alderdi politikoakaz lotutakoak eta ez dogu barriro errepetidu nahi izan.

Bagilaren 28a Harrotasun LGTBIaren Nazinoarteko Eguna dan ezkero, Gehitu alkarteak be bere izendapenen barri emon dau. Kasu honetan, Fernando Savater filosofo eta idazleari emon deutso Latorrizko Gehitu Saria, LGTB kolektiboaren kontrako adierazpenak egiteagaitik. Guraso bakarreko familien kontra jo dau Savaterrek eta homosexualen artekoari ez litzakiola ezkontza deitu behar adierazo dau, Gehituk salatu dauenez. Horreek adierazpenek aurreretxiak sortzen dituela uste dau Euskal Herriko Lesbiana, Gay, Transexual eta Bisexualen Alkarteak.

Ortiz de Zarate, EHGAMeko Imanol Alvarez, Liñera eta Vazquez, saria emoteko ekitaldian

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu