Irlandako eta Amazoniako taldeak, Galdakaoko Folklore Bizian jaialdian
2016-06-27 11:02 KultureaGaragarrilaren 19tik 21era, Andra Mari eta Oinarin jantza taldeak egongo dira Folklore Bizian jaialdian, Irlandako Absolutely Legless eta Amazoniako Ballet Folklorikoagaz batera.
Galdakaoko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Andra Mari Eusko Jantza Taldeak urtero antolatzen dabe Folklore Bizian jaialdia, beste kultura batzuetako jantzak eta ohiturak bertoko publikoari erakusteko. Aurten be, hiru egunez, Euskal Herriko eta atzerriko tradizinoak alkarregaz ikusteko aukerea egongo da.
Absolutely Legless 1997an sortu eben. Eskoziako uriburu Edinburgon sortu zan arren, Irlandako musika eta jantza tradizionalak aztertzen ditu batez be. Tradizinoan oinarrituta, ikuskizun barritzaileak eskaintzen ditu taldeak eta, hori dala eta, arrakasta handiko emonaldiak eskaintzen ditu mundu guztian.
Amazoniako Ballet Folklorikoak, bestalde, askoz urrunagoko kulturak ekarriko ditu Galdakaora. Amazoniako basoan bizi diran herri indigenen jantziak, ehizarako errituak eta tribuen arteko gerrak ezagutu ahal izango ditue ikusleek. Hori guztia, hango musika, jantza eta kantuek lagunduta.
Kurtzeako frontoian ikusi ahal izango dira horreek talde biak, Galdakaoko Andra Marigaz batera, garagarrilaren 19an eta 20an, iluntzeko 20:30ean. Hilaren 21ean, ostera, Unkinako kiroldegian izango da ikuskizuna, 20:30ean. Bertan, Amazoniako eta Irlandako artistakaz batera, Usansoloko Oinarin taldekoak egongo dira oholtzan.
Era berean, Folklore Bizianeko arduradunek Galdakaoko kale eta plazak jantzaz bete nahi ditue jaialdia martxan dagoan egunetan. Horregaitik, ikuskizunen aurretik, talde parte-hartzaileak kalerik kale ibiliko dira euren jantzak eta kantuak erakusten. Modu horretan, kolorea eta giro ona sortu nahi dabe antolatzaileek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!