Farra Fanfarra portugaldarrak irabazi dau Amorebieta-Etxanoko XI. Haizetara

Bizkaie! 2016-06-27 11:03   Musikea

Lehiaketearen sari nagusia (izen ezagunek osotutako epaimahaiak erabagia): Farra Fanfarra. 10.000 euroko saria.

Atzo, Haizetara Amorebieta-Etxanoko banda eta kaleko musikearen jaialdiko hamaikagarren edizinoaren azken egunean, lehiaketako sariak banatu zituen:

- Lehiaketearen sari nagusia (izen ezagunek osotutako epaimahaiak erabagia): Farra Fanfarra. 10.000 euroko saria. Musikari eta animatzaile portugaldarren taldea da, euforia kolektiboan eta energia positiboen transmisinoan espezialidade maila altukoa, musika akustikoa eta haize eta perkusino musika-tresnen boterea erabilita horretarako. Erritmoaren indarra eta zirku saio bariatuak buztartuta, ikuskizun bakarrak eta aldez aurretik asmau ezinezkoak dira Farra Fanfarraren emonaldi guzti-guztiak.

- Ikusleen sari berezia (herritarrek erabagia): Brass Street Boys. 4.000 euroko saria. Jazz soinua, funk zaporea eta elektro usaina ditu Brass Street Boys talde mexikarrak. Fanfare edo fanfare festive izenez ezagunak diran brass kale-banden musikeagazko interesak batu zituen talde legez.

- Instrumentistarik onenarentzako saria 1.000 euro (sari nagusia emoten dauen epaimahai berak erabagia): Mateja Dansok (Farra Fanfarra) eta Gabriele Stoppa (Camillocromo Swing Orchestra). Interkable enpreseak emoten dau.

Horrezaz gan, epaimahaiak, banden goi mailako kalidadea ikusita, gehiengoz / aho batez, Epaimahaiaren Sari Berezia the Busquitos bandeari emotea erabagi dau. Holandako jazz laukote bikaina, ikusleakazko alkarreragina lantzen dauena eta benetako jazza entzun eta gozarazoteko kapaz dan taldea, baita mueta horretako musikea entzuteko ohiturarik ez dabenei be. Sari honen irabazlea izateak Amorebieta-Etxanon antolatzen dan programa kulturalen batean ikuskizuna eskaintzeko konpromisoa dakar.

Haizetara jaialdia orain hamar urte jaio zan Amorebieta-Etxanoko Udalaren eskutik eta San Juan inguruko astegoien batean ospatzen da. Herriko artxibo historikoetan jasoten dan legez, San Juanetan musikea kalean bizi-bizi egoten zan. Jaialdi honegaz Udalak XX. mende hasieran musikea San Juan suagaz lotzen eban jai-giroa berreskuratu nahi izan dau. Honek berebiziko garrantzia izan eban batez be 1913. urte inguruan.

Herrikoak eta eskualde guztikoak erakarri nahi ditu Haizetara jaialdiak. Musikearen arloan dabilzanei be zuzenduta dago, jaialdiaren bidez munduko beste leku batzuetan kaleko musika taldeek zer egiten daben ezagutzeko eta azken jokerak eta jokera barritzaileak ezagutu deiezan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu