Haurreskolak Partzuergoak Familien III. Eguna ospatuko dau Gasteizen
2016-06-24 12:55 KultureaIkasturtea amaitzeko oraindino hilebete inguru falta jakon arren, Haurreskolak Partzuergoak gurasoakaz eta umeakaz ospatzeko eguna antolatu dau bagilaren 25erako, Gasteizko Artium Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoan.
120 familia inguru izena emonda dagoz honezkero, 350 lagunetik gora, goiza bertan antolatu diran ekintzetan parte hartuz pasauko dabenak.
Goizeko 10:00etan hasiko dira ekitaldiak, familiak Artium Museoko instalazinoetara heltzean. Ondoren, bi espaziotan banatuko dira ospakizunak: umeen olgeta lekua bata, eta gurasoentzako beste gune bat, musika saioa entzun, kafea hartu edo lagunartean egoteko.
Umeentzat Teatro Paraiso antzerki taldeak atondu dauen olgetarako gunean, umeek eta gurasoek alkarregaz olgau eta esperimentau ahal izango dabe. Arkitektura sentikorra olgeta gunea atondu dabe horretarako Teatro Paraisokoek: txikienek eta gurasoek alkarregaz olgau eta esploretako espazioa; mundu poetiko txikiak sortu eta familian biziteko aukerea emoten dauen gunea.
Bitartean, guraso eta helduek, Maite Arroitajauregi Mursegok eskainiko dauen musika saioaz gozetako aukerea izango dabe, hainbat musika-tresna, ahotsa eta mundu zabaleko hamaika txokotako soinuak buztartzen dituan musika saioa. Mursegok musikea egiteko txeloa, loop station-a, plater txinatarrak, enbolo-flautea, panderoa, ukelelea, autoarpa, errimak, txaloak, inprobisazinoa eta ahotsa erabilten ditu.
Hirugarren urtez antolatu dau aurten Haurreskolak Partzuergoak Familien Eguna. Lehen urtean esperientziak harrera bikaina izan ebala ikusita, jai giroko egun hau urtero bagileko azken zapatuan antolatzea erabagi eban Partzuergoak. Esangura horretan, Partzuergoaren egutegian bere lekua egin dauen jai giroko ekitaldi parte-hartzailea da. Umeen garapenean, Haurreskolak eta familiak alkarregaz bat eginda doazenez, familiei egun horretan merezidu daben errekonozimendua emotea da egunaren asmoetako bat.
Haurreskolak Partzuergoa
Haurreskolak Partzuergoa 2003ko abenduan sortu zan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Nekazaritza saila eta EAEko 31 udal partaide zirala. 234 haurreskola dagoz egun partzuergoan, Euskadiko 178 udalerritan. 2015-2016 ikasturtean, 8.300 plaza eskaini ditu 0-2 urteko umeentzat, eta 2016ko irailean, barriz, 8.400 be eskainiko ditu. 1.200 hezitzaile eta beste 100 ordezko dabiz bertan lanean, eta sortu zanetik hona, 40.000 umetik gora pasau dira Haurreskolak Partzuergotik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!