Manuel Lekuona sarirako hautagaitzak aurkezteko epea zabaldu dau Eusko Ikaskuntzak

Bizkaie! 2016-06-24 12:27   Kulturea

Euskal kultureari egindako ekarpena saritzen dau Eusko Ikaskuntzak, sarituaren obra osoa aintzat hartuta. Garagarrilaren 8ra arte aurkeztu leitekez 2016ko ekitaldirako hautagaitzak.

Igaz Joan Mari Torrealdaik jaso eban Manuel Lekuona saria | Ikusi handiago | Argazki originala

Hautagaitzak aurkeztu ahal izateko, Eusko Ikaskuntzako lehendakariak, Kontseilu Errektoreko hiru kidek edo erakundeko hamar bazkidek babestu behar dabe, horretarako argudioak emonaz. Manuel Lekuona sarian, bizitzan zehar egindako lan guztia, obra osoa (opera omnia), neurtzen eta saritzen da.

Saritua aukeratzeko erespideak honeek dira, Eusko Ikaskuntzak azaldu dauenez: Obrearen balio unibersala, bizitzan egindako ibilbidea, euskal gizarteari eta kultureari egindako ekarpena eta obrearen dibulgazinoa.

Garagarrilaren 8ra arte egongo da zabalik hautagaitzak aurkezteko epea. Ondoren, euskal komunidadeari galdetuko jako, Eusko Ikaskuntzak beren-beregi zabalduko dauen webgune baten bidez, hautagai egokienaren aldeko botoa emoteko. Eusko Ikaskuntzako bazkideek, euren partetik, beste bozketa bat egingo dabe. Ganera, epaimahai instituzional bat eratuko da.

Komunidade globalaren eretxiak % 10eko pisua eukiko dau saritua aukeratzeko orduan, bazkideenak %30ekoa eta epaimahaiarenak % 60koa. Irailaren bigarren hamabostaldian jakingo da nor dan irabazlea.

Eusko Ikaskuntzak 1983an sortu eban Manuel Lekuona saria. Hain zuzen be, lehenengo saritua Manuel Lekuona bera izan zan. Harrezkero, kulturgintzearen eta sormenaren alorreko aitzindari ugarik jaso dabe gorazarrea: Jose Antonio Arana Martija, Mentxu Gal, Jean Haritschelhar, Jorge Oteiza eta beste asko dagoz sarituen zerrendan. Igaz, 2015eko ekitaldian, Joan Mari Torrealdai saritu eben.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu