Aiko taldeak jantzearen munduko adituak batuko ditu Udako Ikastaroetan

Bizkaie! 2016-06-24 10:10   Kulturea

Barikutik domekara bitartean egingo dau Aikok Tradegin ikastaroaren bigarren edizinoa Bilbon, EHUren Udako Ikastaroen barruan. Jantza tradizionala eta garaikidea buztartzea da asmoa.

Prestakuntzako ekimen pedagogiko hau praktikoa izango da batez be, Aiko taldeak aurreratu dauenez. Igaz antolatu eben lehenengoz ikastaroa, Areatzan, eta 80 lagunek baino gehiagok parte hartu eben. Arrakasta hori ikusita, aurten barriro egingo dabe, Tradegin: tradizinozko jantza garaikidea egin, 2016 tradizinoan sortzen izenburupean.

Jantzearen munduko persona ezagunek euren jakintzearen barri emongo dabe ikastaroan. Kukai taldeko zuzendari Jon Maya, euskal jantza garaikideko sortzaile ezagunenetako bat, konbidau dabe, baita Claude Iruretagoyena Miarritzeko Maritzuli konpainiako zuzendaria be. Horrezaz gan, Juan Antonio Urbeltz ikerlariak egingo dau berba.

Aiko taldearen partetik, Patxi Labordak, Josu Garatek eta Sabin Bikandik parte hartuko dabe ikastaroan. Jantzako profesionalentzako interesgarria da ikastaroa baina, antolatzaileek azpimarratu dabenez, edozein zalerentzat be egokia da.

Jantza tradizionalaren ikuspegi garaikidea aztertzea, horixe izango da ardatza. Orain dala hamar urte sortu zanetik, Aiko taldearen apustua izan da jantza tradizionalaren transmisinorako bide barriak topetea. Estilo tradizional eta naturalera bueltetea da Aikoren asmoa eta berau gizarteratzeko modu alternatiboak bilatzen ditu, jantzan egitea ondo paseteagaz lotuta. Ikastaroan estilo ugari jorratuko ditue: Jotak, baltsak, mazurkak eta abar. Miarritzeko ezpatajantzea eta sokajantzea be badagoz programazinoan.

Euskal Herritik kanpoko beste esperientzia batzuei be begiratuko deutsie hiru eguneko ikastaroan. Esate baterako, Amerikako Estadu Batuetan modan dagoan lindy pop estiloa aztertuko dabe, Jesus Teranek zuzendutako master class-aren bidez. Mercedes Prietok, ostera, Portugal iparraldeko jantza tradizionalak, valsas mandadas izenekoak, erakutsiko ditu.

Bilboko Udal Musika Bandearen eta Aiko taldearen arteko alkarlanetik sortutako Bandtzaldia erromeria antolatu dabe ikastaroagaz lotuta, gaur 19:30ean, Azkuna Zentroan. Jantzarako euskal doinu tradizionalak bandeak joteko egokitu ditue eta nahi daben herritar guztiei parte hartzeko deia egin deutsie. Izan be, musikearen doinuan jantzan egitea eta ondo pasetea dira Bandtzaldiaren helburuak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu