San Nikolas jauregia barrutik ikusteko bisitaldiak antolatu ditu Bilboko Udalak

Bizkaie! 2016-06-23 12:23   Kulturea

Uriko eraikin historikoak erakusteko programearen barruan, Garagarrilaren 5etik 29ra, San Nikolasekoaren txandea izango da. Euskerazko eta gaztelaniazko bisitaldiak egongo dira.

Bilbao Izan egitasmoak daukan arrakastea ikusita, aurten garagarrilean be egingo ditue bisitaldi gidatuak uriko eraikin berezietan. Orain arte, maiatzean, bagilean eta irailean baino ez dira antolatzen izan. 19. eta 20. mendeko jauregiak erakusteko zikloaren barruan, San Nikolas jauregia da garagarrilerako aukeratutako eraikina. Maiatzean Olabarri jauregia izan zan protagonistea eta bagilean, Alde Zaharreko jauregitxuen moltsoa.

Estilo neoklasikoko 19. mendeko eraikina da San Nikolas jauregia, 1865 eta 1868 artean eregia. Dekorazinoan, ikutu frantsesak eta arbelezko mantsarda erremate tipikoa daukaz. Eugene Lavalle arkitekto frantsesak diseinau eban. Enrique Epalzaren diseinuagaz, 1881ean handitu egin eben. Uriko lehenengo bankuaren, Banco de Bilbaoren, egoitzea izan zan urte askoan jauregia. Gaur egun be, BBVA banketxearen esku dago.

Izenak dinoan moduan, San Nikolas eleizearen alboan dago jauregia. Arenaleko ingurutik Zazpi Kaleetarako sarbidean dago, San Nikolas plazatxuak eta Askao kalearen hasikereak bat egiten daben lekuan. Eleizeaz gan, hur dagoz Plaza Barria eta Euskotrenen geltokia (hau obretan dago orain).

Bisitaldietan parte hartzen dabenek, San Nikolas jauregiaren historiaren inguruko argibideak jasoko ditue. Era berean, eraikinaren arkitekturaz eta jatorrizko dekorazino elementuez disfrutau ahal izango dabe, 19. mendetik hona ondo gorde dira eta. Barruko diseinua ikusiko dabe parte-hartzaleek, normalean publikoari zarratuta egoten diran eremuetan sartuta.

Garagarrilaren 5etik 29ra, martitzenetik barikura antolatuko ditue bisitaldiak, euskeraz zein gaztelaniaz. Ordu eta erdi inguruko bisitak izango dira eta txanda bakotxean 30 lagun onartuko ditue gehienez. Horregaitik, aurretiaz erreserbea egin behar da. Astelehenean, bagilak 27, zabalduko dabe izena emoteko epea. Telefono zenbaki honetara deitu behar da: 94 401 00 10. Bisitaldiak herritar guztiei zabalik dagoz eta doban dira.

Bilbao Izan programea orain dala hamar urte sortu eban Bilboko Udalak, uriko historia eta ondarea herritarrei erakusteko asmoz. Eraikinetara eta auzoetara egindako bisitaldi gidatuak sartzen dira programa horretan, besteak beste. Orain arte, 19 eraikin historiko bisitau ditue.

 

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu