'European eyes on Japan' argazki erakusketea egongo da garagarrilean Getxoko Punta Begoñan

Bizkaie! 2016-06-23 11:02   Kulturea

Getxophoto jaialdia eta Getxoko Udala laguntzaile dirala, Donostia 2016k antolatzen dau erakusketea. Jon Cazenave eta Lukasz Rusznika argazkilarien irudiek Japoniaren ikuspegi berezia emongo dabe Punta Begoñako galerietan.

Jon Cazenave, 'Omaji' | Ikusi handiago | Argazki originala

European eyes on Japan proiektua 1999an hasi zan martxan. Urte bakotxeko Europako Uriburu Kulturaletako argazkilariei eskatzen deutsie gaur egungo Japoniako eskualdeen argazkiak ateratzeko. Estereotipoetatik urrun, herrialde haren inguruko begirada barria eta ezohikoa jasotea da asmoa. Urterik urte, argazkien erregistroa osotuten dabilz eta, holan, japoniarrek euren burua beste era baten ikusi leikee, europarren begietatik.

Aurten, Donostiako Jon Cazenave eta Poloniako Wroclaw uriko Lukasz Rusznika aukeratu ditue proiekturako. Izan be, horreek uri biak dira 2016ko Europako Kultur Uriburuak. Mikiko Kikuta japoniarra da komisarioa. Getxophoto jaialdiaren bidez, Getxora helduko dira Cazenaveren eta Rusznikaren argazkiak garagarrilean, Donostia 2016 Elkarrizketak programearen barruan.

Hile osoan egongo dira argazkiak ikusgai, 1etik 31ra, Punta Begoñako galerietan, Ereagako hondartzearen alboan. Martitzenetik barikura, 17:00etatik 20:30era egongo da zabalik erakusketea. Zapatuetan eta domeketan, eguerdiko 12:00etatik 15:00etara eta 17:00etatik 20:30era.

Jon Cazenavek Omaji izeneko argazki moltsoa preparau dau erakusketarako. Kagawako prefekturan atera zituan argazkiok. Tradizino zaharrak eta jokera barriek bat egiten dabe bere obran. Espazioan eta denporan bidaiatuta, naturako irudien bidez jaso dau Japoniaz daukan ikuspegia. Japonian ikasitako teknikak erabili ditu argazkien formatuan, baita teknologia barriak be.

Bestetik, Lukasz Rusznikak I wish to be concrete izenburua ipini deutso bere bildumeari. Yokai jainko tradizionalen mundu ikuskeratik abiatuta, Rusznikak Kagawako prefekturako mugak aztertu ditu: zaharraren eta modernoaren artekoa, egunerokotasunaren eta beste mundu baten artekoa...

Irailaren 1etik urriaren 2ra bitartean egingo da aurten Getxophoto jaialdia, Denbora izenburupean. Aurreko edizinoetan legez, hamargarren honetan be, ezohiko euskarri eta lekuetara eroango dabe argazkilaritzea eta, betiko estiloak albo batera itxi barik, esperimentazinoari lekua zabalduko deutsie. Beste alor artistiko batzuetatik datozan profesionalakaz hartu-emona bultzatzen dau Getxophotok.

Jaialdia bera irailean egingo dan arren, urteko beste sasoi batzuetan Getxora argazkilaritzako jokera barriak ekarteko aukerea ez dau galtzen Getxophotok eta horren erakusgarri da garagarrilean Punta Begoñan egingo dan erakusketea.

Lucasz Rusznica: 'I wish to be concrete'

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu