Euskerazko hiru abestidun disko laburra plazaratu dau La Basuk

Bizkaie! 2016-06-22 13:39   Musikea

Izotz erregina EPa (Taupaka) urte amaieran La Basuk plazaratuko dauen disko luzearen aurrerapena da. Oraingoan, euskerazko rap eta hip hop doinuak dakarz.

Hogei urte baino gehiago daroaz Elena Caballero bilbotarrak, La Basu ezizenagaz, raparen eta hip-hoparen munduan. 1999an Jungla Urbana taldea sortu eban eta artista ospetsuen alboan agertzen hasi zan oholtzan. Osasun arazoek eragindako hamar urteko etenaldi baten ostean, barriro lanean da La Basu, bai diskoak argitaratzen eta baita zuzenekoetan be. Euskal Herrian, estilo horretako musikan dabilen emakumerik ezagunena da gaur egun.

Aire es vida diskoa plazaratu dau oraintsu eta euskera hutsez disko bat sortzea da La Basuren hurrengo erronkea.  Izotz erregina disko laburra da proiektu horren lehenengo emoitzea. Hiru kanta datoz diskoan: Piztu nire sua, Nire bidean eta Soka Tiraka. Ohiko moduan, rap eta hip hop doinuak dira lanaren oinarria.

Goi mailako kolaboratzaileak izan ditu La Basuk disko laburreko abestietan: Alde batetik, arlo artistikoan bidelagun dauen DJ Ibai arduratu da instrumentalen produkzinoaz. Bestetik, Jon Velascok eta David Nanclaresek jo ditue gitarrea eta baxua, hurranez hurran. Barakaldoko Hala Dzipo estudioan grabau dabe diskoa eta soinu nahasketak Unai Mimezaren esku egon dira.

Taupaka alkarteak argitaratu dau Izotz erregina, Creative Commons lizentziapean. Emakume batek euskeraz grabau dauen lehenengo rap diskoa da La Basurena, Taupakakoek nabarmendu dabenez. Ez dauela inor epel itxiko ziurtatu dabe.

Disko labur honetatik abiatutako disko luzea urte amaierarako prest izan nahi dau La Basuk. Hor be, kanta guztiak euskerazkoak izango dirala aurreratu dau Taupakak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu