Munduko musika eta kultura desbardinak zabalduko ditu ‘Musikaire’ jaialdiak Elorrion

Bizkaie! 2016-06-23 08:33   Musikea

Musikaireren aniztasunaren ondorioz erreferentzia bihurtuta, barriro be mundu osotik bidaiatuko dau afrikar, hegoamerikar zein amerikar doinuak Elorriora ekarriz, bagilaren 24tik garagarrilaren 31ra bitartean.

Urtez urte, Elorriok bere udako eskaintza turistiko eta kulturala indartzen jarraitzen dau Elorrioko Udak programearen barruan, eta egitarau bete horren barruan kokatzen da aurten be Musikaire musika eta arte eszenikoen jaialdia. Eskaintzen dauen aniztasunaren ondorioz erreferentzia bihurtuta, barriro be mundu osotik bidaiatuko dau afrikar, hegoamerikar zein amerikar doinuak Elorriora ekarriz. Hitzorduak bagilaren 24tik garagarrilaren 31ra bitartean izango dira.



Afrikatik, Ghanatik hain zuzen, Rocky Dawunik reggaez beteko dau Elorrioko plazea garagarrilaren 9an, eta eta egun batzuk geroago, 15ean, kontinente beretsutik datorren Abou Diarra Maliko musikariak bluesa, jazza eta rocka bere herrialdeko musika tradizionalagaz batera nahastauko ditu. Kontzertua Tola jauregian izango da.


Bluesa eta trip-hopa

Afrikatik Atlantiko itsasoa zeharkatu eta Amerikara egingo dau salto Musikairek. Garagarrilaren 22an, herriko plazan, Mariana Yegros argentinarra publikoa jantzan hasi daitela saiatuko da berak ekarriko dauen cumbia eta elektronikearen buztarketeagaz. Garagarrilaren 31n, bestalde, Greg Izor izango da Elorrion. Izor harmonika modernoaren sinbolo bihurtu da urteetako ibilbidearen ostean, eta AEBtako New Orleanseko, Los Angeleseko zein Austineko erritmo blueseroak ekarriko ditu Tola jauregira. Beragaz batera The Romanticos izango dira, Iker Piris gitarristeak gidatzen dauen taldea.

Gertuagora bueltatuz, Inglaterratik Quantic & His Orchestra helduko da Elorriora. Musikari askorentzat erreferentzia bihurtu dan Will Holland da talde honen liderra, eta modu naturalean trip-hopa, funka eta downtempoa buztartzen ditu. Bere ikuskizuna garagarrilaren 8an izango da, herriko plazan.


Musikaire, musika euskaldunaren babesleku

Iberiar peninsulara bueltauta, garagarrilaren 2an, Burgosetik La M.O.D.A. (La Maravillosa Orquesta del Alcohol) etorriko da herriko plazara. Talde gazte honek Mark Knopfler edota Frank Turner lako musikari famatuakaz batera jo izan dau. Daviz Ruiz abeslariaren ahots urratuak zein eskaintzen daben folk arinak, countryak edota bluegrassak egun horretan espero dan jentetzea zutunik jartea izango dau helburu. Hilebetearen amaieran, garagarrilaren 29an, Kataluniatik Quimi Portet etorriko da Tola jauregira. Portet El Último de la Fila talde mitikoaren sortzaile eta gitarristea da.

Beste hainbat ekitaldiren artean, Izaki Gardenak talde gasteiztarra izango da Tola jauregian, garagarrilaren 30ean. Astebete lehenago, 23an, barriz, Gernikatik Audience taldea herriko plazara etorriko da, Jai Alai Blues dokumentalerako egin daben soinu bandea zuzenean jotera.


Programazino osoa:

- Bagilaren 24an, Noctis Labyrinthus.  
- Garagarrilaren 1ean, Jesús Herrera Dantzari.
- Garagarrilaren 2an, La M.O.D.A.
- Garagarrilaren 8an, Quantic & his Orchestra.
- Garagarrilaren 9an, Rocky Dawuni.
- Garagarrilaren 10ean, Dantza garaikidea.
- Garagarrilaren 15ean, Abou Diarra.
- Garagarrilaren 16an, NES + Maria Arnal i Marcel Bagés.
- Garagarrilaren 17an, Zirko - antzerkia.
- Garagarrilaren 22ab, La Yegros.
- Garagarrilaren 23an, Audience Jai Alai Blues.
- Garagarrilaren 24an, Mikroantzerkia.
- Garagrrilaren 29an, Quimi Portet.
- Garagarrilaren 30ean, Izaki Gardenak.  
- Garagarrilaren 31n, Greg Izor & The Románticos.

Informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu