Bermeoko Jazzaldiak hiru kontzertu izango ditu, bagilaren 29tik garagarrilaren 1era
2016-06-24 13:16 MusikeaTomasz Wendt Trio, Wilfried Wilde Quintet eta Night Dreamers izango dira Jazzber-eko, Bermeoko 19. Jazz Jaialdiko, protagonistak. Kontzertu guztiak Kafe Antzokian izango dira, doban.
Busturialdean jazz musikea bultzatu eta zaletasuna bultzatzea da Jazzberren helburua, Aingeru Astui Bermeoko Udaleko Kultura zinegotziak azaldu dauenez. Musika estilo hori herrira ekarteko eta jokera barrienak ezagutzeko jazzaldiak emoten dauen aukerea be azpimarratu dau Astuik. Kontuan izan behar da, eskualdeko jazzaldi bakarra dala Jazzber.
Aurten hiru kontzertu izango ditu Jazzberrek, Aingeru Astuik eta Jizz-jazz talde antolatzaileko kide Igor Markaidak aurreratu dabenez. Emonaldi guztiak iluntzeko 20:30etan hasiko dira, Bermeoko Kafe Antzokian, eta sartzea doban izango da.
Lehenengo kontzertua bagilaren 29an, eguaztena, izango da. Tomasz Wendt saxofoi jole poloniarak gidatzen dauen hirukoteak joko dau Bermeon. Inprobisazinoari ekiten deutsienean emozino handiko doinuak sortzeko gai da hirukote hori eta Europan sari ugari lortu ditu horri esker, Jazzberreko arduradunek dinoenez.
Biharamunean, hilak 30, Wilfried Wilde gitarra jole eta konpositorea buru dauen boskotea izango da Bermeon. Gaur egungo jazza, musika klasikoa eta pelikuletako soinu bandak dira euren musikearen oinarria. Nahasketa horren emoitzea musika koloretsua dala azaldu dabe jaialdiko antolatzaileek.
Amaitzeko, barikuan, garagarrilak 1, Euskal Herriko talde bat, Night Dreamers boskotea, helduko da Bermeora. Musikene eskolan alkar ezagutu eben bost musikariek. Errepertorioan, abangoardia eta tradizinoa buztartuta, taldeak berak egindako konposizino eta moldaketak dira nagusi eta, horren bidez, nortasun handiko emonaldiak izan ohi dira Night Dreamersenak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!