'Esna2' disko bikotxaren azken atala plazan

Bizkaie! 2016-06-17 08:50   Musikea

Esne Beltza Andoainen izango da zuzenean datorren bagilaren 25ean eta garagarrilaren 2an, barriz, Loiun.

'Esna2' diskoaren aurkezpena | Ikusi handiago | Argazki originala

Esna2 Hernaniko taldeak 2015eko abenduan abian jarritako Esna lan bikotxa osotzen dauen diskoa da, asteon Donostian aurkeztu dabena. Danetara, zazpi abesti barri topauko doguz bertan. Esne Beltza taldearen estudioko seigarren diskoa da hau, horreetatik bi bikotxak.

Esne Beltzak, bere ibilbidean lehen aldiz, taldekoak ez diran musika produktore bigaz landu dau Esna2; batetik, Laurent Dupuy frantziar injineru eta produktore ezaguna, 2015ean eta 2016an Angélique Kidjo-gaz eginiko lanagaitik grammy sari bi irabazitakoa, Alpha Blondy edo Raggasonic lako taldeakaz lan egina. Eta bestetik, Jeremie Garat Sohütako gaztea, biolontxelista eta sortzaile euskalduna.

Lehenengo diskoa barrura begira egindakoa zan, intimistagoa; bigarren hau, ostera, erreibindikatiboagoa da, eta letra guztiak Jon Garmendia Txuriyak egin ditu. Lehenengo kantua, berbarako, Hil zuten, Iñigoren Cabacasen kasua salatzeko egindakoa da.

Gogoratu Esna disko bikotxaren lehenengo zatiak Zoo, Green Valley, El Canijo de Jerez edo La Pegatina talde ezagunen kolaborazinoak izan zituala, eta Esna2 honetan be musikari ezagunen parte-hartzea izan dabe Esne Beltzakoek, Ms Maiko, DJ Tillo, Oreka TX, Fanfare Ciocarlia eta Bad Sound System & Glaukoma taldeena, euren arma nagusia dan fusinoa, mestizajea eta sorkuntza askatasuna indartuz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu