Txinaren mugei desafioa bota deutsen artistea

Zigor Aldama 2016-06-16 12:17   Bidaide

Txinako sortzaile lotsabakoenetako eta polemikoenetako bat da gaur egun Zhang Binjian. Txinako tabu politikorik handienei be barre egiteko adorea dauka. Lehenengo ukabilkadea 2008an jo eutsan nori eta Mao Zedongen figureari, Ready Made dokumentalaren bidez.

Arte klase bi dagoz. Bata lasaia da, harmonia estetikoa bilatzen dau eta Monet eta Matisseren koadroak dira horren adibide. Bestea, probokatzailea da, mezu kritikoduna, eta ikuslearen inplikazinoa bilatzen dau. Bigarren klasearen aldekoa da Zhang Bingjian (Shanghai, 1960), eta Picassoren Guernica dau horren erakusgarritzat. Uste dot arteak gizartearen alderdi iluna aztertu behar dauela, haren burruka eta arazoetan inplikau. Halandabe, Zhangek badaki hori Txinan garesti ordaindu leitekela. Mao Zedongen Iraultza Kulturalaren sasoian [1966-76] hazi nintzan eta gurasoek ez eben nahi ni artista izaterik. Iraultzearen kontrakotzat jo zituen eta ni arriskuan nengoala baekien

Zhangek ez eban atzera egin, baina. Asiako Erraldoiko sortzaile lotsabakoenetako eta polemikoenetako bat da orain. Txinako tabu politikorik handienei be barre egiteko adorea dauka. Lehenengo ukabilkadea 2008an jo eutsan nori eta Mao Zedongen figureari, Ready Made dokumentalaren bidez. Lemazain Handiaren bizitzea ironiaz aztertzen dau, imitatzaile batzuen laguntzinoagaz. Maoren irudia aldatu egin da denporeagaz. Miresmena eta ikarea sortzen dituan gizona izatetik, entretenimendurako elementu izatera pasau da eta gazteek ia ez dakie ezer haren inguruan. Gure billeteetan komunismoaren ikuspegi erradikalena bultzatu eban gizon baten irudia agertzea, Txinaren kontraesanen erakusle da, azaldu dau Zhangek.

Txinako Herri Errepublikearen sortzailearen sasoirik ilunena sarkasmoz irudikatzeaz ez da ahaztu Zhang. Bere lehenengo fikzinozko filmean, North by Northeast-en, Iraultza Kulturala aitatzen da, iturri batzuen esanetan 30 miloe hildako itxi zituan unea. Igaz estreinau zan eta zentsureagaz tpo egin eban. Gidoia berridatzita, baimen guztiak lortu nituan eta, halandabe, agintariek betoa ezarri eutsien estreinaldirako bost egunen faltan, material guztia prest eta 5.000 kopia banatuta geunkazala. Diru asko galdu genduan, estreinaldia hiru hilez atzeratu behar izan gendualako. Honetaz ezer ez esateko ohartarazo deuste, baina uste dot bidebakoa dala eta jakin egin behar dala.

Zhangen filma bortxatzaile baten inguruko thriller poliziako bat da, oso modu librean benetako historia baten oinarritua, eta arazoa da, zentsoreek ez ebela gogo onez hartu zelan agiri dan polizia. Ganera, sexua be baegoan. Txinako zentsurearen arazoa da, era guztiz arbitrarioan lan egiten dauela. Ez dago arau garbirik, zer kontau leiteken eta zer ez jakiteko. Dana dago hartu-emon personalen -guanxi diralakoen- menpe. Esaterako, gure filmeko agenteek erretea edo irainak esatea debekatu euskuen, baina beste film batzuetan hori egiten dabe. Artistea nazen neurrian, horretara egokitzen ahalegintzen naz, duintasunari eutsita, baina ez da erraza.

Baina Zhang ez da nekatzen atzamarra zaurian sartzeaz. Berbarako, bere obrarik ezagunenetako bat, 2009an hasitako Ustelkeriaren Ospearen Aretoa da. 2008ko Herri Asanblea Nazionalaren batzar nagusian sortu zan idea hau. Han, lider politikoek iragarri eben 3.000 funtzionario baino gehiago ustelkeriagaitik ikertu zituela. Neure buruari galdetu neutsan nortzuk ete ziran, kasurik ospetsuenak baino ez doguzalako ezagutzen, gogoratu dau.

Apurka-apurka, erantzunak topetan hasi zan Zhang, eta eroskeriagaitik eta beste delitu ekonomiko batzukaitik kondenautako guztien erretratuak marrazteko enkargua egin eban. Ez dira neuk egindako erretratuak, hegoaldeko Shenzhen uriko Dafen barrutiko margolariei eskatu deutsedaz, mundu guztian zabal-zabal dabilzan koadro ezagunen kopiak hareek egiten ditue eta. Koadroaren tamainua eta kolorea baino ez deutsedaz zehazten, ehun yuaneko billeteen gorria izan behar dau. Maoren erretratua daukan billetearen kolorea, hain zuzen.

Interpretazino ugari daukazan eta makina bat esanahi ezkutuan gordeten dituan obra kolektiboa da, Zhangen esanetan. Dagoeneko 3.600 erretratu daukaguz, zein bere estiloan. Adibidez, bada artista bat egunero Van Goghen 20 kopia egiten dituana, eta estilo hori erabili dau. Rembrandt eta Picassogaz gauza bera. Koadroak egiteko modua bera, neurri baten, gaur egungo Txinaren metaforea da: Katean produziduten dira, material txar eta merkeagaz. Hatan be, Txinak 21. mendean hartu dauen norabidea kritikauko dau Zhangek bere hurrengo filmean, Just kidding izenburukoan. Umore baltzeko komedia izango da eta Txinako gizartea sartu dan zoramenaren alegoria egingo dot, aurreratu dau.

Hori guztia halan izanda be, Zhangek badaki munduko herrialderik jentetsuenean hobekuntza nabarmenak be egon dirana. Ez daukat ahazteko Txinatik urten neban lehenengo aldia, 1987a zan eta Japoniara joan nintzan. Hantxe jaubetu nintzan  guzurra kontau eustiela eta Txina ez zala munduko herrialderik onena. Souvenir bakar bat be ez neban erosi, baina ezin izan neban handik alde egin dutxarako berogailu bat erosi barik. Shanghain ia inork ez eukan halakorik eta auzokoek inbidiaz begiratzen euskuen, batzuk etxera etorten ziran dutxea hartzen. Orain, bizitza materiala asko aldatu da baina arazo barriak be sortu dira: Seme-alaba bakarraren politikeak eragin dauen desoreka soziala, kutsadurea eta askatasunik eza.

Azken arazo horri aurre egiteko, Zhangek uste dau internet dala Txinaren esperantza handia: Ulertu behar dogu orain iraultza kontzeptua ez dala lehengoaren parekoa. Inor hilterik behar ez dauen iraultza baten motorra da internet. Horregaitik uste dot internauta txinatarrek Bakearen Nobel Saria merezidu dabela. Zentsureari eta arriskuari aurre eginaz, jenteak gauza asko zalantzan ipintea lortu dabe.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu