Getxoko Jazzaldiaren 40. ekitaldiak egitarau oparoa dakar

Bizkaie! 2016-06-17 00:31   Musikea

Dee Dee Bridgewater, Hermeto Pascoal, Uri Caine, Esperanza Spalding eta Jorge Pardo izango dira izar nagusiak baina, horrezaz gan, Hirugarren Milurtekoa saila, talde lehiaketea, jam sessions-ak eta familientzako ikuskizunak be egongo dira. Garagarrilaren 1etik 5era egingo dabe Getxoko Jazzaldia.

Imanol Landa Getxoko alkatea, Leire Aragon BBK-koa eta Iñaki Saitua Getxoko Jazzaldiko zuzendaria (argazkia: Getxoko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala
Garagarrilaren 1ean, Jorge Pardoren laukoteak flamenkoa eta jazza buztartzen dituan ikuskizuna aurkeztuko dau Getxon, Huellas izenekoa. Uri Caine, gaur egungo piano-jole trebeenetako bat, hilaren 2an izango da Algortako Biotz Alai plazan. Hermeto Pascoalen txandea hilaren 3an izango da eta 4an Dee Dee Bridgewater etorriko da. Bigarrenez joko dau Getxon Bridgewaterrek, 2010ean Billy Holidayren omenezko kontzertuan parte hartu eban eta. Izar handien zerrendea Esperanza Spalding kontrabaxu-joleak biribilduko dau, garagarrilaren 5ean. Emily´s D-Evolution izeneko kontzertu barritzailea eskainiko dau Spaldingek.

Biotz Alai plazan izango dira kontzertu nagusiak, gaueko 22:15ean. Horren aurretik, 21:00etan, leku berean joko dabe Talde Lehiaketako parte-hartzaileek. Aurten, mundu zabaleko 70 taldek emon dabe izena eta Espainiako Wilfried Wilde Quintet, Holandako Daahoud Salim Quintet, Italiako Francesco Colombo Trio eta Poloniako Tomasz Wendt Trio aukeratu ditue antolatzaileek Jazzaldiko emonaldietarako.

Urtero legez, Algortako Geltokiaren plazea izango da Hirugarren Milurtekoa zikloaren egoitzea. Kontzertuak 19:00etan izango dira. Jazzaren munduko talentu gazteak ezagutzera emoteko eta estilo horren ohiko bidetik urruntzen diran artistei lekua egiteko helburua dau Hirugarren Milurtekoak. Aurten Laurent Coulondre Trio eta Ainara Ortega gazteak egongo dira, baita Kiko Berenguer eta Gonzalo del Val beteranoagoak be.

Ganera, hilaren 1etik 3ra, jam sessions saioak egongo dira The Piper´s Irish Pub tabernan, gauerdian hasita. Getxoko Udalak aurreratu dauenez, aurten lehenengoz, familientzako ikuskizun berezi bi be egongo dira jazz jaialdiaren barruan. Eguerdiko 12:30ean izango dira, garagarrilaren 2an eta 3an, Algortako Geltokiaren plazan.

Kontzertu nagusietarako sarrerak salgai dagoz dagoeneko. Jorge Pardoren emonaldia da horreen artean merkeena, 10 euro. Garestiena, Dee Dee Bridgewaterena da, 25 euro. Getxoko Jazzaldiko kontzertu guztietan sartzeko bonoa be badago, 65 euroan.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu