Euskaltzaindia Jose Antonio Loidiren jaiotzearen mendeurrenean izango da

Bizkaie! 2016-06-15 09:07   Kulturea

Bagilaren 17an, Jose Antonio Loidi idazlearen jaiotzearen mendeurrenean, bere omenezko jardunaldia egingo dabe Euskaltzaindiak eta Irungo Udalak.

Ekitaldia Irungo CBA Kultur Zentroan izango da, arratsaldeko 19:00etan, eta Akademiaren Literatura Ikerketa batzordearen ekimenez antolatu da. Hain zuzen be, egun horretan bertan, 15:00etan, batzordeak hileko bilerea egingo dau Irunen.

Ondokoa izango da egitaraua:

19:00 Sarrera hitzak: Andres Urrutia euskaltzainburua eta Jose Antonio Santano, Irungo alkatea

Berbaldiak:

19:10ean: José Antonio Loidi Bizcarrondo eta Irunen utzi digun ondarea: LUKT. Hizlariak: Iñaki Garrido Yerobi, historiagilea eta Luis de Uranzu Kultur taldeko kidea.

19:30ean: Bederatzi kopla, hamahiru, Hamabost egun Urgainen (Jose Antonio Loidiren lehen polizia nobela baltzaren ekarriaren gainean). Hizlariak: Miel Anjel Elustondo, kultura kazetaria eta polizia nobelatan aditua.

19:50ean: Martin Garaidiren fitxa: euskal detektibeen aitonaren atzetik. Hizlaria: Javi Cillero Goiriastuena, idazlea eta itzultzailea.

20:10ean, Agur hitzak: Ana Toledo, Literatura Ikerketa batzordeburua.


Jose Antonio Loidi

Idazlea 1915. urtean sortu zan Errenterian. Hainbat alorretan egin zituan ikasketak: Farmazian, Optikan eta Akustikan. Farmazialari lanak ez eze, urte luzez osasun alorreko alkarteetan jardun eban lanean.

Hainbat aldizkaritan idatzi eta kolaborau eban: Egan, Zeruko Argia, Jakin, Olerti, Habe, La Voz de España, La Voz de Euskadi, Antzerti, Uranzu, El Bidasoa, Bidasoan, Acofar, Pliegos de Rebotica, Cuart creixent, La nova colleccio de lletres, Bidasoako Ikaskuntzen Aldizkaria, Aia, Oarso, Cuadernos de Hidrología.

Literatur lanak zein artikuluak argitaratu zituan aldizkari horreetan. Literaturearen esparruan euskal nobelagintzan eginiko ekarpenari esker da ezagun: 1955. urtean, Hamabost egun Urgainen nobelea argitaratu eban, euskerazko lehen polizi nobelea, arrakasta handia izan ebana.

Bestalde, 70eko hamarkadan, literaturan eta osasun alorrean euskerazko jarduna sustatzeagaz batera, beste hainbat esparrutara be zabaldu eban euskaltzaletasuna: besteak beste, Irungo ikastolearen sorreran kolaborau eban; edo Loidik berak antolatu eban Irunen Gerra Zibilaren ostean eginiko lehen euskal jaia, 1966. urtean.

Euskaltzaindiak antolatutako literatura-lehiaketa askotan epaimahaikide be izan zan. Era berean, Luis de Uranzu Kultur Taldeko bazkide sortzaile eta presidente, eta Irungo ondare historiko zein kulturalaren ikertzaile nekaezina izan zan.

J. A. Loidik literaturan eginiko ekarpena gogora ekarriz, euskaltzaletasunaren eta euskal kulturearen alde egindako lanaren ondorioz, 1957. urtean euskaltzain urgazle, eta 1998an ohorezko euskaltzain izentau eben.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu