Begoñazpi ikastolea Global Innovation Award-eko finalean izango da, Washingtonen

Bizkaie! 2016-06-14 08:50   Kulturea

Bost herrialdetako 20 talderen kontra lehiatuko dira Bilboko Begoñazpi ikastolako ikasleak datorren astean, AEBetako uriburuan, FLL Global Innovation Award barrikuntzearen inguruko sariketako munduko finalean.

Barrikuntzearen eta zientziaren alorreko eskolarteko sariketarik garrantzitsuena da munduan First Lego League Global Innovation Award dalako hori. Lehiaketearen hainbat fase pasau eta gero, datorren astean Estadu Batuetara joango da Begoñazpiko talde bat, euren proiektua erakustera eta sari nagusia lortzeko ahalegina egitera.

Bilboko ikastola horretan DBHko 4. mailan ikasten dabilzan bederatzi neska-mutilek osotuten dabe eColors izeneko taldea. Erabilitako paper zati bustiak berrerabilteko urtenbidea asmau dabe, material hori edredoi, erropa eta antzekoetan isolamendu termikorako erabilita.

Innobasquek antolatzen dauen First Lego League Euskadi sariketea irabazi eben Begoñazpikoek proiektu horri esker. Holan, Espainiako fasera aurkeztu ahal izan ziran, eta hori be irabazi eben. Beraz, munduko finalean egoteko txartela eskuratu dau Begoñazpiko bederatzikoteak.

10 eta 16 urte bitarteko ikasleen artean zientzia, teknologia, sormena eta barrikuntzea bultzatzea da FLL Global Innovation Awarden helburua. Bost kontinenteetako 80 herrialdetako gazteek parte hartzen dabe. Washingtonen jokatuko dan finalean 20 talde lehiatuko dira: AEBetako 14, Kanadako hiru, Alemaniako eta Txileko bana eta Begoñazpikoak. Uri haretako Marka eta Patenteen Bulegoan aurkeztuko ditue euren proiektuak datorren astean eta epaimahaiak irabazlea aukeratuko dau.

Talde irabazleari 20.000 dolar emongo deutsiez. Bigarren eta hirugarren sailkatuek 5.000 euro jasoko ditue bakotxak. Irabazitako dirua proiektua martxan ipintera bideratu beharko dabela dinoe lehiaketako arauek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu