Zazpi dira Kimuak 2016ko katalogoa osotuko daben film laburrak

Bizkaie! 2016-06-14 08:59   Kulturea

Beti bezperako koplak, Caminan, False flag, Gure hormek, Hileta, Ihesa eta Renovable dira aukeratutako zazpi film laburrak.

Zazpi dira Kimuak zigilupean aurten banatuko diran film laburrak, aurkeztutako 63 proposamenen artean egindako aukeraketearen arabera. Aurtengo batzordea osotu daben kideek, hau da, Amaia Serrulla (Donostia Zinemaldiko Hautespen-batzordeko kidea); Carmen Chávez (Cortosfera aldizkariko proiektu zuzendaria); José Manuel Zamora (Abycine), Albaceteko Nazinoarteko Zinema Jaialdiko zuzendaria; Mari Fran Machín (ARTIUM Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoko Hezkuntza eta Jardueren koordinatzailea) eta Rosa Zufíak (kazetaria eta EITB Kultura-Transit telebista saioko zuzendaria) honako aukeraketea egin dabe:

1. BETI BEZPERAKO KOPLAK, Ageda Kopla Taldea.
2. CAMINAN, Mikel Rueda.
3. FALSE FLAG, Asier Urbieta.
4. GURE HORMEK, Las Chicas de Pasaik (Maria Elorza eta Maider Fernandez).
5. HILETA, Kepa Sojo.
6. IHESA, Alejandro Diaz Castaño.
7. RENOVABLE, Jose Mari Goenaga, Jon Garaño.

Katalogoak fikzinoa, dokumentala eta animazinoa jasoten ditu, ikuspegi barrien bidez landuak. Hizkuntzei jagokenez, hiru euskera hutsean dagoz, bi gaztelaniaz dira, bat euskeraz, italieraz eta gaztelaniaz egina dago, eta beste bat ingelesez.


Beti bezperako koplak

Begoña Vicariok koordinautako proiektu hau Maialen Lujanbiok Santa Ageda bezperako koplen harian egindako bertso baten interpretazinoa da. Santa Ageda doinuaren erritmoa eta metrikea erabiliz, genero-indarkeria salatzen dau modu gogorrean.

Bertsoko estrofa bakotxa (hamahiru dira danetara) animatzaile batek interpretau dau. Vicariok koordinau dauen ikasle taldeaz gan, Kote Camachok, Izibene Oñederrak eta Aitor Oñederrak be emon dabe euren ikuspegia.

Begoña Vicariok Kimuaken lehen edizinoan hartu eban parte Pregunta por mí laburragaz, 1997. urtean Goya saria irabazi ebana. Gero, 1999an, Haragia lanagaz sartu zan barriro. Ordutik animazinoa erakusten dau EHUko Arte Ederren fakultadean.


Caminan

Mikel Ruedak zuzendu eta produzidutako Caminan drameak, Maribel Verdú eta Germán Alcarazu ditu protagonista eta ezerezaren erdian alkartzen diran bi personaia bakarti erakusten deuskuz. Bilboko zuzendariak 2012ko Kimuaken katalogoan hartu eban parte Agua! film laburragaz. 2010ean, Izarren argia, bere lehen film luzea zuzendu eban, eta 2014an, A escondidas estreinau eban, hain zuzen be Germán Alcarazu protagonista ebana.



False flag

Asier Urbieta egile donostiarrak False Flag thriller politikoa aurkeztu dau. Garaje abandonatu batean topauko dugu personaia nagusia, torturea jasan ostean esnatzen dala. Eskumuturretan daukazan sokak apurtzen dituanean, jeep bat garajera sartu eta argiak pizten dira. Eneko Sagardoy eta Maarten Dannenberg dira antzezle nagusiak.

Asier Urbietak telebistarako iragarki eta dokumentalak egiten ditu, gehienbat. Bere filmografian Pim Pam Pum (2008), Taxi (2012) eta Arconada (2013) laburrak dagoz.
 


Gure hormek

Gure hormek dokumentala Maria Elorza eta Maider Fernandez zuzendariek osotzen daben Las chicas de Pasaik kolektiboak sinatzen dau. Egileek etxeko hormak hartzen ditue abiapuntu, emakumeen esparruari buruzko gogoeta sendoa egiteko. Las chicas de Pasaik-ek Irudi mintzatuen hiztegi poetikoa (2014, Aitor Gametxorekin batera zuzendua), Errautsak dokumental kolektiboa (2014, Zinebiko Zinergentziak#14 barruan egina), Agosto sin ti (2015) eta Kalebegiak proiektuko La chica de la luz pasartea zuzendu ditue.



Hileta

Kepa Sojo zuzendari arabarra oso ezaguna da film laburren munduan, 1997an, 100 maneras de hacer pollo al txilindron egin ebanetik. 2015ean, Loco con ballesta laburragaz Goya Sarietarako izentau ebenetik, lehen aldiz hartu dau parte Kimuaken, Hileta izeneko obreagaz. Izenburuak dakarren legez, istorioa beila batean garatzen da, 1925ean, Martikorena sendia Inge gaztea agurtzen dagoanean. Bilbea Carl Theodor Dreyerren Ordet filmaren sekuentzia batean oinarritzen da, baina Sojoren ukitu nahastezina dauka. Aparteko aktore-multzoa dago Hiletaren atzean, familia Kandido Urangak, Itziar Atienzak, Mikel Losadak, Martxelo Rubiok, Jose Kruz Gurrutxagak, Josean Bengoetxeak, Asier Hormazak eta Jose Ramon Soroizek osotzen dabelako, besteak beste.



Ihesa

Ihesa Alejandro Díaz Castañoren lehen lana da. Gijonen jaioa, Donostian bizi izan da azken urteetan. Zinema kazetaritzan dabil 2000. urtetik eta egun Caimán Cuadernos de Cine eta Rockdelux aldizkarietan idazten dau. Horrezaz gan, Sevillako Zinema Europarreko Jaialdiko programazinoaren arduraduna da. Filman, Iosu protagonisteari existentzia-arazoak planteauko jakoz itogin bat dala eta bizilagunen etxera igoten dauenean.


Renovable

Renovable Jon Garaño eta Jose Mari Goenagak batera egindako azken lana da, Loreak film luze sarituaren ostean. 2005ean, Goenagak zuzendu eban Sintonía laneko personaiak alkartzen ditu barriro (Josean Bengoetxea eta Tanya de Roberto). Oraingoan, 10 urte pasau ostean, energia barriztagarrien kongresu batean batzen dira. Tramea Bilboko Iberdrola torrean garatzen da.

Aukeraketa barriaren aurkezpen ofiziala datorren irailean izango da, Donostia Zinemaldian.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu