'Memoriarako artea' lemapean dator Gernikako Bakearen Museoaren nazinoarteko II. mintegia

Bizkaie! 2016-06-13 15:41   Kulturea

Bagilaren 16an, Gernika-Lumoko Elai Alai aretoan egingo dan bigarren mintegi honetan parte-hartzea dobanekoa izango da eta interesa dauen edozeinentzako zabalik dago. Izena emotea online egin behar da hemen.

Bagilaren 16an, eguenean, Gernikako Bakearen Museoak bigarren mintegia antolatuko dau, oraingoan Memoriarako Artea lelopean eta Memoria historikoa: Frankismoaren ondorio saminei buruzko erreportaje grafikoa erakusketeagaz lotuta dago. Erakusketea Gernikako Bakearen Museoan dago ikusgai apiriletik irailera.

Memoria sarri erabilitako gai bat da egungo praktika artistikoetan. Jazoerak gogora ekarteko dauen indarra enuntziazino-eremu egokia da subjektibidaderako eta artearen poetiketarako. Dana dala, artea eta memoria lotzeko modu asko dagoz. Memoriarako Artea jardunaldien bitartez, agirian itxi nahi da egungo praktika artistikoek diskursoa eta ekintza sortzeko tresna legez daben gaitasuna, memoria historikoa berreskuratzeari begira.

Aurkeztutako egileen helburuetako bat da berbak edo irudiak bilatzea gure egunerokotasunaren erritmo asaldatuak desagerrarazoten dauen hori adierazoteko, eta, horregaz batera, guk geuk gogoetea egitea historiaren eginkizunari buruz, memoriaren errepresentazinoari buruz eta besteen memoriaren administrazinoari buruz. Proposamen horreek ez dabe alkartasuna edo identifikazinoa erabilten argudio legez; alderantziz, arteak modu deseraikitzailean kontetako dauen gaitasuna bereganatzen dabe, zer dan guretzat memoria edo memoria historikoa zehazteko, distantzia kritiko batetik eta adierazpen-aukera barrien bitartez beti. Bere garaiagaz konprometidutako artea mobiduarazoten dauena abangoardiaren zeruertza gainditzea da, eta horregaz batera, egia pentsetako aukerea eta memoria kolektibo anitz eta aktibo bat berreskuratuko dauen artea sustatzea; hedabideen edo bersino ofizialeen kontakizun kapsulatuetatik aldenduko dan memoria, esangurea emoteko gure orainari eta etorteko dagoan arteari.

Kontuak kontu, bagilaren 16an, Gernika-Lumoko Elai Alai aretoan (Foru Plaza z/g Gernika-Lumo) egingo dan bigarren mintegi honetan parte-hartzea dobanekoa izango da eta interesa dauen edozeinentzako zabalik dago. Izena emotea online egin behar da hemen.

Ismael Manterola, Juanjo Novella, Josu Rekalde, Oihane Iraguen, Amaia Molinet, Juan Arturo/Fito Rodríguez, Pablo Orduñez, Miriam Isasi, Jesus J.Alonso Carballés, Camilo Torres, Eduerne G. Ibañez, Oier Gil, y Josu Zubiaur aditu eta artisten presentzia izango dauen mintegiaren programa osoa ikusteko klik egin hemen.

Ia 18 urte pasau dira (1998eko apirilak 7) Gernika Museoak (gaur egun Gernikako Bakearen Museoa) bere ateak lehenengoz zabaldu zituanetik, 1937ko apirilaren 26 haretan (Gernikako bonbardaketea) gertatutakoa gogoratzeko eta ezagutarazoteko helburuagaz.

Adin-nagusitasun hori ospatzeko, Gernikako Bakearen Museoak eta Dokumentazino zentruak, Memoria Historikoaren inguruko nazinoarteko mintegi bi antolatu ditue; lehenengo mintegia, 2016ko apirilaren 7an izan zan Memoriaren memoria eza lelopean. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu