Lehen Hezkuntzako ikasle gazteen artelanak, Guggenheim Museoan
2016-06-13 11:58 KultureaArtea ikasbide programan, sei eta hamabi urte bitarteko 119 ikaslek parte hartu dabe aurtengo ikasturtean. Artista profesionalen laguntzinoagaz sortutako artelanak Bilboko Guggenheim Museoan dagoz ikusgai, irailaren 18ra arte.
Dagoeneko 19. aldia bete dau Artea Ikasbide egitasmoak, Euskal Autonomia Erkidegoko Lehen Hezkuntzako ikasleen artean artearen inguruko zaletasuna sortzeko eta euren obrak egiten laguntzeko ekimenak. Ganera, New Yorkeko ikasleakaz mezu elektroniko bidezko alkartrukea egiten dabe parte-hartzaileek. 1998tik, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 2.758 ikaslek, 195 irakaslek eta 28 artistak parte hartu dabe.
Aurten sei ikastetxe aukeratu ditue, Gasteizko bi eta Irun, Sestao, Portugalete eta Bilboko bana. Sei artista ibili dira, ikastetxe bakotxeko bat, ikasleen gidari: Elssie Ansareo, Naia del Castillo, Maider Lopez, Manu Muniategiandikoetxea, Jorge Rubio eta Ainhoa Ortells.
Manu Muniategiandikoetxea artisteak Gasteizko Padre Orbiso eskolako gaztetxuei lagundu deutse eta, adierazo dauenez, esperientzia polita izan da, bai berarentzat eta baita programan parte hartu daben ganerako artistentzat be. Umeei ekarriko deutsen onurea aitatu dau: Honelako esperientzia batek arrastoa lagatzen dau bizi guztirako. Juan Ignacio Vidarte Guggenheimeko zuzendariak parte-hartzaile guztiak zoriondu ditu, museo baten lehenengoz erakusketa bat egin dabelako eta, urte batzuk barru, baten batek barriro erakusketaren bat ipintea espero dauela ganeratu dau.
Gasteizko Padre Orbiso ikastetxeko 5. mailako ikasleek, zentroari izena emoten deutson aita Orbisoren ganeko ikerketea egin dabe eta, hortik abiatuta, kontakizun bat idatzi dabe. Gero, txotxongiloen bidez taulaganera eroan dabe istorioa eta maskarak be egin ditue.
Santa Maria de Vitoria ikastetxeko 2. mailako ikasleek, ostera, denporearen inguruan gogoetea egin dabe. Erabilitako eskola-materialen eta jakien argazkiak atera ditue eta horren ganeko lerro batzuk idatzi ditue.
Irungo Leka Enea-Anaka ikastetxeko 2. mailako neska-mutilek eguzki-sistemea aztertu dabe. Banaka, konstelazinoen, euriaren eta haizearen marrazkiak egin ditue eta, ondoren, danak batuta zeruaren irudi handi bat osotu dabe. Planeten mobimentuaren antzezpena be egin dabe, eta bideoan grabau.
Bilboko Uribarri ikastetxeko 3. mailako ikasleek euren buruari begiratu deutsie eta sentimenduak hobeto adierazoteko bideak topeteari ekin deutsie. Euren autoerretratuak egin ditue, eskala handian.
Sestaoko Vista Alegre ikastetxeko 3., 4., 5. eta 6. mailako ikasleek, ostera, telebista kanal bat sortu dabe, logotipo eta guzti. Ikus-entzunezkoen inguruko bideoklipak eta dokumental bat grabau ditue.
Amaitzeko, Portugaleteko Virgen de la Guia ikastetxeko 3., 4., 5., eta 6. mailako neska-mutilek giza-gorputza aztertu dabe, eta personen artean dagozan aldeak eta antzekotasunak. Eskeleto koloretsu bat eregi dabe, hazurrek danok bardintzen gaituelako.
Artistak ez eze, irakasle batzuk be gidari izan ditue programan parte hartu daben 119 ikasleek. Besteak beste, museoko artelanak ikustera eroan ditue eta eskolako ikasgaiak eta artea lotu ditue klasean. Ikasleei motibazinoa emoten deutsen programea dala uste dabe irakasleek eta, sormena ez eze, neska-mutilek autoestimua be lantzen dabela.
Guggenheim Museoaren barruan, askotariko jarduera didaktikoak hartzeko orain dala urte bi zabaldutako Hezkuntza Gunean ipini dabe erakusketea. Uda guztian egongo da ikusgai, irailaren 18ra arte.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!