Egitarau interaktiboa, Bilboko Gau Zurian

Dabi Piedra 2016-06-10 12:18   Kulturea

Bilboko uria sortu zala 716 urte bete dirala ospatzeko, Gau Zuria antolatu dau Bilbao 700 Fundazinoak bagilaren 18an. Iluntzean eta gauean ekintza ugari egongo dira, itsasadarra ardatz. Ganera, museoak goizaldeko 02:00ak arte zabalduko ditue eta doban sartu ahal izango da.

Josune Ariztondo | Ikusi handiago | Argazki originala

Josune Ariztondo Bilbao 700 Fundazinoko zuzendariak adierazo dauenez, egitarau interaktiboa preparau dabe aurtengo Gau Zurian. Hau da, teknologia barrien bidez, herritarrek hartu-emona sortu ahal izango dabe uriko elementu arkitektoniko batzukaz eta ekintzetan parte hartu eta eragin ahal izango dabe.

Jarduera interaktiboen artean, bi nabarmendu ditu Ariztondok. Batetik, Zabalguneko eraikinean Zero Kilometroa gunea ipiniko dabe. Gau Zuriko ospakizunetan parte hartzen dagozan herritarrek euren argazkiak bialdu ahal izango ditue eta pantaila erraldoi baten proiektauko dira jasotako irudiak. Bestetik, Euskaldunako moiletako Karola garabiari mezuak bialdu ahal izango jakoz eta, horren arabera, argiztapena eta kolorea aldatuko jakoz.

Horrezaz gan, beste ekintza ugari be preparau ditue Gau Zurirako. Egitarau laburra baina  parte hartzailea eta oso dinamikoa izango da, ziurtatu dau Ariztondok. Ekitaldi guztiak dobakoak izango dira eta familia guztiarentzat aproposak. Bilboko museoetan doban sartu ahal izango da iluntzetik aurrera eta goizaldeko 02:00ak arte zabalik egongo dira.

Itsasadarra izango da egitarauaren ardatza eta, hortaz, bertatik hurreko lekuetan izango dira jarduera gehienak. Iluntzeko 20:30ak aldean ekingo deutsie jaiari, Santiago katedralean, musika eta abesbatza emonaldi bategaz. Euskal Museoan izaki mitologikoak izango dira protagonista eta Uribitarte pasealekuan, ostera, argidun armiarma batzuk. Lehiaketak, jantzea, kaleko animazinoa, antzerkia, musikea, argia... dozena bi ekitaldi baino gehiago dagoz bagilaren 18ko programan.

Zortzigarren ekitaldira heldu da, beraz, Gau Zuria. Bilboko Uriaren urteurrenaren harira, urtero bagilean antolatzen dabe, 2009tik. Josune Ariztondok dino, barritzeko unea be badala. Horregaitik, nobedadeak dakarz aurtengo edizinoak. Esaterako, Bilbao 700 Fundazinoa, ekitaldien bultzatzaile ez eze, produktore be bada aurten. 50 enpresa, alkarte eta erakundegaz alkarlanean eratu ditue jarduerak.

Bestetik, Gau Zuriaren egitaraua auzoetara zabaltzeko asmoa be bada nobedadea. Itsasadarra da Bilboren arteria nagusia, eta Bizkaikoa be bai neurri baten, eta hor kokatuko doguz jarduera nagusiak, baina ez doguz auzoak ahaztu nahi, adierazo dau Ariztondok. Bilboko auzoetako hamabi merkatari-alkarteakaz berbetan dagoz antolatzaileak, ekitaldi batzuk auzoetara eroateko. Oraindino zehaztu barik dago auzoetako egitaraua. Edozelan be, auzoetako dendetan Gau Zuriaren programak banatuko ditue.

Bilboko turismo bulegoetan eta Bilbao 700en bulegoan be eskuratu ahal izango da programea. Nahi daben guzti-guztiei parte hartzeko deia egin deutse Ariztondok. Bertokoentzat zein kanpokoentzat zabalik dago ospakizuna, zehaztu dau.

Guztion bizilekua leloa erabiliko dabe aurten Gau Zurian eta, horren harira, azalpena emon dau Ariztondok: Bilbo industria eta finantza gunea izan zan sasoi baten baina, gaur egun, horrezaz gan, gehiago da; Bilbo ez da lotarako herrigune bat, eskaintza kultural zabala dauen uria baino, eta hori azpimarratu nahi izan dogu, personen neurrira eginda dagoala eta uri bizigarria dala.

Gau Zuriaren egitaraua, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu