Basquetourrek Sevillan sustatuko dau Euskadi 'Euskadi Basque Country IV. Banderea tarteko dala
2016-06-10 12:24 KultureaAurten Sevillan hilaren 19an egingo dan Euskadi Basque Country IV Banderea Eusko Jaurlaritzeak Basquetour Turismoaren Euskal Agentziaren bidez egingo dituan turismo sustapen ekintzen azkena izango da.
Guadalquivir ibaiak hartuko dau Estaduko traineru-txapelketa garrantzitsuena dan San Miguel Ligearen hasierea. Txapelketeak, ganera, Andaluzian Euskadiko turismoa sustatzeko balioko dau. Igaz III. Euskadi-Basque Country Banderea Malagan arrakastaz egin ostean, aurten Sevilla hautatu dabe IV. edizinoa jokatzeko.
Aurten Sevillan hilaren 19an egingo dan Euskadi Basque Country IV Banderea Eusko Jaurlaritzeak Basquetour agentziaren bidez egingo dituan turismo sustapen ekintzen azkena izango da. Ekintzok merkatu garrantzitsu honetan egiten diran bigarren urtea da. Azken bost urteotan merkatu andaluziarrak nabarmen egin dau gora, % 51, hain zuzen be. Andaluzia Estaduko hirugarren merkaturik garrantzitsuena da Euskadirentzat, Madril eta Kataluniaren ostean.
Lankidetza publiko-pribatuari esker, Euskaditik kanpo egiten dan San Miguel Estropaden Ligeari hasierea emoten deutson kirol ekitaldia amu bihurtzen da andaluziarrek gure jomugea hobeto ezagutu deien, bagilaren 16an, eguena, komunikabideei goizean eta touroperadore andaluziarrei Sagardi jatetxean gauez, egingo jakezan aurkezpenakaz.
Eguenetik domekara arteko ekintzotan Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasunerako sailburua; Itziar Epalza, Merkataritza eta Turismo sailburuordea; Arantza Madariaga, Basquetourreko zuzendaria eta Euskadiko eta Sevillako udal eta lurraldeko erakunde desbardinetako turismo ordezkariak egongo dira. Ekintza horreek bariku, zapatu eta domekan egingo dira uriko erdigunean eta Guadalquivir hibaiaren inguruan, bertan hibaian ospatuko baita estropada lehiaketea domekan, hilaren 19an. Musika ekitaldiak, jantza eta herri kirolak eta turismo informazinorako guneak izango dira egun horreetan protagonista hiriburu andaluziarreko kaleetan.
Basquetour, Turismoaren Euskal Agentziaren bitartez, Eusko Jaurlaritzeak beste behin bultzatzen dau kirol ekintza hau, TKE-ren eskutik, bi urtez jarraian Bartzelonan eta beste urte betez Malagan egin ondoren.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!