'Argia' poema-liburua idatzi dau Peru Magdalenak

Bizkaie! 2016-06-09 11:08   Kulturea

Argiaren, zoriontasunaren eta bizitzearen inguruko lana da Argia (Elkar). Bost kapitulutan, Peru Magdalenak gai ugari lantzen ditu, baina beti eusten deutso ikuspegi baikorrari. Liburua manifestu etikoa eta ariketa estetikoa da, aldi berean.

Peru Magdalena eta Xabier Mendiguren | Ikusi handiago | Argazki originala

Izenburutik bertatik hasita, argiak leku handia hartzen dau liburuan. Argiak autorearentzat daukan esanahia agiri da, alde batetik eguzkiak emoten dauen argitasuna baina, bestetik, poesia idazterakoan gauzak argi esateko nahia.

Bizitzaz disfrutetako eta beti negarrez ez ibilteko deia egiten dau Peru Magdalenak olerkien bidez. Alaitasunaren aldeko aldarrikapena da, bizitzearen ospakizuna, Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak azaldu dauenez. Une baikor batetik abiatutako proiektua dala adierazo dau idazle bizkaitarrak. Poemak berbaz berba destilau dituala dino eta hori gozamena izan dala.

Manifestu etikoa da Argia, autorearen arabera, baina baita ariketa estetikoa be. Poemetan ez dago ez letra larririk ez puntuazino zeinurik. Magdalenaren esanetan, testu guztiei batasun bat emon nahi izan deutse modu horretara.

Bost ataletan banatzen da Argia: Lehenengoan, poesiaren inguruko gogoetak dira nagusi. Bigarren atalean, Elurte handia izenburukoan, umetako gomutak dira ardatza eta edurte batek zelan sortu eutsan argiaren inguruko interesa. Hirugarren zatian, gazte sasoietara begiratzen dau, barriro be argitasuna eta gozamena oinarri. Laugarren zatian argia da protagonista beste behin, kontzeptuaren esanahia eta poesiagaz daukan loturea. Amaitzeko, Argizakiarenak atalean, gizakiaren barruko sentipenez egiten dau berba autoreak, mundua disfrutau eta onartzeaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu