Bilbo uriaren 716. urteurrena bagilaren 13tik 19ra ospatuko da

Bizkaie! 2016-06-09 10:28   Kulturea

Efemeride honen barrikuntzarik aitagarriena da ekitaldiak bagilaren 15ean bakarrik ez izatea. Holako egun batean sortu eban Bilbo On Diego Lopez Harokoak.

On Diego Lopez Harokoa | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Udalak aurten uriaren sorrerearen ospakizunetan herritarrak inpliketako asmoa dauka. Udalbatza barria eratu zanetik eta Juan Mari Aburto alkate izentau ebenetik urtea bete barri danean, 716. urteurrenean pausu bat gehiago emon nahi da herritarren partaidetzan.

Efemeride honen barrikuntzarik aitagarriena da ekitaldiak bagilaren 15ean bakarrik ez izatea. Holako egun batean sortu eban Bilbo On Diego Lopez Harokoak. Aurten bagilaren 13tik 19ra arteko aste guztian izango dira ekitaldiak, Uriaren Astean. Ganera, uriaren urteurrenetan partaidetzarik handiena izan dauena aurtengoa izatea nahi da eta horretarako egitarau potoloa antolatu dabe: Kontzertuak, lore-eskaintzak, bisita gidatuak, Gau Zuria...

Ekitaldi horreetan guztietan, herritarrak ospakizunaren ardatz eta eragile izatea lortu nahi da. Gure asmoa –esan dau Alkateak– bilbotar guztiei zein uria bisitetan dabenei urteurren hau uri osoaren jaia dala sentiarazotea da; jantzan egin, kantau eta ondo paseteaz gan, parte hartze aktiboa izan deien.



Uriaren Astea astelehenean, bagilaren 13an, hasiko da. Parte hartu nahi daben persona guztiei, hau da, umeei, gazteei zein helduei konbita egiten jake bilbotar elementuei buruzko argazkiak, marrazkiak eta konposizino artistikoak bialtzeko; horreek gero Udalaren webgunean argitaratuko dira. Proposamen horreek bagilaren 19ra arte bialdu daitekez helbide honetara: webmaster@bilbao.eus, sormen-lanaren izenburua eta egilearen izena azalduz.

Kontuak kontu, bagilaren 15ean, 18an eta 19an izango dira ekitaldi instituzionalik garrantzitsuenak. Eguaztenean, bagilaren 15ean, Bilboren sorrerearen 716. urteurrenean, 12:00etan, Alkateak, udalkideakaz batera, Bilboko banderea igoko dau. Ekitaldia jentaurrean izango da.

Eguazten horretan, 19:00etan, Txistularien Bandeak partaidetzan oinarritutako kontzertua eskainiko dau Arriaga plazan. Aukeratutako partituren bidez herritarrei kantetako konbita egingo jake. Tradizinoko kanta ezagun askoren berbak jasoten dituen esku-orriak banatuko dira jentearen artean, kantetako. Kantuen artean dagoz, besteak beste, Euskal Herrian Euskaraz (Oskorri); Bizkaia Maite (Benito Lertxundi) edota Lau Teilatu (Itoiz).

Bigarren ekitaldi nagusia zapatuan, bagilaren 18, izango da, Gau Zuria, hain zuzen be. Aurtengo edizinoa inoiz baino interaktiboagoa eta partaidetza handiagokoa izango da.

Domekan, bagilaren 19an, azken ekitaldi instituzional handia izango da. Udalkide guztien segizinoa izango da, Juan Mari Aburto Alkatea buru, Plaza Biribilean dagoan On Diego Lopez Harokoaren eskulturaraino, Bilboren sortzaileari lore-eskaintzea egiteko.

Barritasun legez, Udalak konbita egingo deutse bilbotar guztiei eta Bilbon bisitari dabizanei, segizinoagaz bat egin eta lore-eskaintzan parte hartu deien. Horretarako, krabelin gorriak eta zuriak banatuko ditue bertaratutakoen artean. Lore-eskaintzara, Bilboko gizarte, kultura, kirola eta ekonomiaren arloetako agintari eta persona ospetsuak batuko dira.

Aurreskua, ezpata-jantzea eta jotak egongo dira herritarrek jantzan egin deien, eta kontzertu bat egongo da 12:00etan, Arenaleko kioskoan. Bilboko Udalaren Bandeak eskainiko dau kontzertua. Obra klasikoak eta herrikoiak abestuko ditue eta herritarrek be parte hartu ahal izango dabe, izan be, kantuen berbak jaso eta jentearen artean banatuko ditue eskuorriak.

Beeste alde batetik, bagilaren 15ean, 16an eta 17an bisita gidatuak egingo dira Bilboko Udaletxera, uriaren historia ezagutzera emoteko eta udal jauregiaren ateak zabaltzeko. Gizarte osoari zein egunotan urian bisitari dabizan personei zuzendutako bisita horreek dobakoak izango dira eta euskeraz, gaztelaniaz eta ingelesez egin ahal izango dira. Goizez zein arratsaldez egingo dira bisitak baina erreserbea egin behar da 944204354 telefonoan edo girpa@bilbao.eus helbide elektronikoan.

Era berean, eguenean, bagilaren 16, Alkateak harrerea egingo deutso udaletxeko Arabiar Aretoan Bizkaiko Gozogileen Alkartasunari. Bilboren sorrerearen urteurreneko ospakizunakaz bat eginez, gozogileek Bilbao Tartea ekarriko dabe. Urtero legez, ikastetxe bat konbidauko dabe ekitaldira eta, aurten, Begoñako Andra Mari Ikastetxeko Lehen Hezkuntzako hirugarren mailako neska-mutilak bertaratuko dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu