Lurdes Basolí eta Cristina R. De Middel be I. Baffest jaialdian izango dira

Bizkaie! 2016-06-08 16:08   Kulturea

Barakaldoko Udalak datorren domekan inaugurauko dau Barakaldoko lehen Argazki Jaialdia. Uriko 6 gunetan egongo dira 8 emakume argazkilarien lanak ikusgai garagarrilaren 3ra arte.

Baffest emakumeek egindako argazkien uri-jaialdia da, Barakaldoko Udalak antolatua, eta argazkilaritzearen euskal uriburu bilakatuko da Barakaldo hiru aste horreetan eta zortzi emakumeen argazkiakaz jantziko da. Cristina Garcia Rodero, Miren Pastor, Lurdes Basolí eta Cristina R. de Middel dira jaialdiko protagonistak. Formatu handiko lanak uriko bost gune eta natura gune bat lotzen dituan ibilbidean barrena ikus daitekez. Aurkezpenean jaialdiko zuzendari David de HaroK jakinarazo dauenez, urigunean izango dan instalazinorik ikusgarriena Bide-Onera plazan kokatuko da eta Lurdes R. Basolí (Bartzelona, 1981) argazkilariarena da. Ikus-entzunezko Komunikazinoan lizentziatua eta argazkilari-kazetaria da, Photoespaña argazki festibalean 'Tras los pasos de Inge Morath. Miradas sobre el Danubio' erakusketa kolektiboagaz irabazi, eta orain, Baffest jaialdian parte hartuko dau. Esklerosi Anizkoitzaren Europako Plataformeak sustatuko proiektuaren barruan dagoan Resiliencia izenburuko dokumentalean egindako lan handiaren erakusketa txiki bat baino ez da Basolík erakutsiko deuskuna; izan be, dokumental hori egiteko bost argazkilarik Europako 12 herrialdeetan zehar ibili ziran gaixotasun ikusezin hori dokumentau ahal izateko.

Basolik, zenbait irudi geometriko euskarri lez erabiliz, errespetu handiz islatzen dau Espainia, Estonia eta Frantziako gaixo horreen bizimodua errealismo osoz eta errukitasunean jausi barik. Instalazinoak ez dau artifizio eta itxura ikusgarririk. Esklerosi anizkoitza gaixotasun ezezaguna da, eta horregaitik, argazkilariak ikuslea hurreratuarazo egiten dau irudiak bilatu eta konektau ahal izateko. Cristina R. de Middel (Alacant, 1975) argazkilariak be kritika onak jaso izan ditu Photoespaña argazki festibalean Muchismo erakusketeagaz. Arte Ederretan lizentziatua eta Argazkilaritzan Maistra (Oklahoma Unibersidadea) dan artista hau Espainiako argazki-liburuko erregina bilakatu da Afronauts lanagaz. Barakaldoko Herriko Plazan Afronauts lanaren erreprodukzino osoa egongo da.

Lurdesen lana jente guztiarengana heltzeko aukera parebakoa eta bakarra da, mundu osoan ezaguna baita. Poztasun handia emoten dau, argazkilaritzeari jagokonez behintzat, asteon Barakaldo Euskadiko arreta gune bilakatu dala ikusteak. Photoespaña festibaleko irabazleak eta nazinoarte mailan be izen ezagunak diranak sartu doguz programan esan dau jaialdiko zuzendari David de Harok.

Baffest jaialdiko erakusketarik garrantzitsuenetako bat Cristina García Rodero (Puertollano, 1949) argazkilariak Clara Campoamor Kultur Etxeko fatxadan zintzilikatuko dauena da. Argazkigintzako Espainiako Sariduna (1996) eta Merituaren aldeko Urrezko dominea Arte Ederretan (2005). Magnum agentzia ospetsuan lan egiten dauen lehen emakume-argazkilari espainiarra da. Jaialdirako beren-beregi artisteak egindako lanaren irudi ikonikoak dira.

Beste alde batetik, Baffest jaialdiak euskal argazkilari baten lana be erakutsiko dau: Miren Pastor (Iruña, 1985) argazkilariaren Bidean proiektuaren zati bat pasa danz apatutik ikusgai dago Errekatxo auzoan, Gorostitzako urtegiko bidean. Urigunetik kanpo eta ingurune naturalean kokatutako erakusketa bakarra. Marina Gondra (Barakaldo, 1989) tokiko artistea argazkilari konbidadua da eta Eskulturen plazan jarriko ditu autoerretratu magikoak.

Lehiaketa atalak Bizkaiko hiru emakume sortzaileen lanak batuko ditu Eskulturen plazan, datorren urterako argazkilari konbidaduaren plazea lortzeko lehiatuko baitira. Gazteena Helena Goñi da (Bilbo, 1990) eta nerabezaroko gomutetan oinarritutako Behind blue eyes izeneko proiektua aurkeztuko dau. Lan horren bidez, ikuslearen gazte sena ekarri nahi dau gogora, eta horretarako, rock kulturearen eragina daben eszenak irudikatzen ditu. Ainhoa Resano (Iruña, 1974) artisteak PIN_DOWN izeneko arte eszenikoetan oinarritutako proposamena dakar. Lanean, disidentzien mugak aztertu, eta rolak kokatzen ditu itxura joko bilakatuz. Bere asmoa eremu barriak sortzea eta irudia jarrera probokatzaileagaz nahastea da. Azkenez, Inma Barrio (Bilbo, 1979) artisteak Kàtharsis izeneko proiektu personala aurkeztuko dau. Zuri-baltzeko argazkiak dira, eta errealidadea bazterturik, abstrakzinora jo, eta irudia aztertzera eroaten gaitue.



Kontuak kontu, Baffest jaialdiaren asmoa herritar guztiei argazkilaritzea helarazotea da, edadea zein diziplinearen ezagutza mailea edozein izanda bere. Horregaitik, erakusketakaz batera, mueta desbardinetako 14 jarduera programau dira, gehienak doban. Bisita gidatuak, argazki-lehiaketea eta kontzertu bat txikientzat, txostenak eta mahai-inguruak, tailer bat eta BookJockey... Bagilaren 12an, domekan, inaugurauko dira erakusketa guztiak. Egun horretan, umeek be eurentzako lekua izango dabe, Txiki-argazki izeneko argazki-lehiaketea, Instagram gizarte-sarearen bitartez, familiagaz batera gozetako. Krisklown antzerki emonaldia eta Brand New Sinclairs talde barakaldarraren kontzertua be izango dira Eskulturen plazako anfiteatroan. Bagilaren 18an, egun osoan izango dira Argazkilaritza Jardunaldiak: aurkezpenak, mahai-ingurua, BookcJockey... Bagilaren 19an, domekan, Argazki Solidarioa izango da protagonista.

Baffest jaialdiaren konpromisoetako bat argazkia erabiltea da norbanakoarengan erreakzino positiboa eta alkartasuna sortarazoten dituen gaiak eta gizarte-balioak lantzeko bide legez. Egun horretan, Herriko Plazan formatu txikiko 400 marko egongo dira ikusgai, bai eta erakusketarako beren-beregi profesionalek eta zaletuek itxitako beste horrenbeste irudi be. Izan be, erakusketa horren helburua Barakaldoko Udalak eta antolatzaileek hautatutako erakunde bati emongo jakon diru-batzea egitea da.

Bagilaren 19an eta 26an, Photowalk bi dagoz programauta. Bagilaren 25ean, Miren Pastor artisteak argazki-liburuaren sekretuak erakutsiko ditu gorantz doan formatu hori gustuko dabenei zuzendutako tailer batean. Descubriendo el fotolibro izenburupean, euskal argazkilariak formatuaren jatorria arakatuko dau eta argazkigintzearen historiako egilerik garrantzitsuenen liburuei gainbegiratua emongo deutse. Gehien markau daben argazki-liburuak aztertu eta erakutsiko ditu. Azken zatian, baterako sorkuntza ariketa bat proponiduko dau, ikasitako kontzeptuak praktikan jarteko.

Garagarrilaren 3an, zarratze-ekitaldian Txiki-argazkia lehiaketako sariak eta ekintza solidarioan batutakoa jasoten dauen txekea banatuko dira.

Informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu