Xabier Olasok irabazi dau Mikel Zarate saria

Bizkaie! 2016-06-08 13:26   Kulturea

Testuaren umorea azpimarratu dau epaimahaiak, hizkuntzearen erabilera jostaria (berba joko eta onomatopeia ugari), eta poesiarako jokerea: hainbat poema eta herri-kanta moldatu sartuz.

Xabier Olasok idatzitako Erraldoiak kontakizunak irabazi dau 2016ko Mikel Zarate ume literatura saria. Holan erabagi dau Leire Bilbaok, Miren Agur Meabek eta Xabier Mendigurenek osotutako epaimahaiak, eta berak eroango dau 3.000 euroko saria. Liburua, barriz, udagoienean kaleratuko dau Elkarrek.
 
Lezamako Udalak eta Elkar argitaletxeak sortu eben sariketa hau, Lezamako seme eta euskal kulturako sortzaile eta bultzatzaile handi izandako Mikel Zarateren omenez, eta bosgarren ekitaldia izan da aurtengoa.
 
Danetara, 12 lan lehiatu dira eta horreen artean Olasok idatzitako ipuina hautatu dau epaimahaiak. Erraldoiak izeneko istorio honek erraldoi-familia baten gorabeherak kontetan ditu: Erraldoi dau izena aitak, Maritantai amak, eta Patxikankailu semeak. Euren eguneroko bizitza eta zenbait abentura agertzen ditu istorioak, baita erraldoien mundu berezia erakusten daben hainbat elementu be (amaieran erantsita, erraldoien entziklopedia txiki bat balitx legez).

Testuaren umorea azpimarratu dau epaimahaiak, hizkuntzearen erabilera jostaria (berba joko eta onomatopeia ugari), eta poesiarako jokerea: hainbat poema eta herri-kanta moldatu sartuz, besteak beste.
 

Xabier Olaso

Otxandion jaio zan 1964an eta Gasteizen bizi da aspaldian. Irakasle ikasketak egin zituan. Literaturan hainbat poema-liburu idatzi ditu, baina ume literaturan egindako lanakaitik da batez be ezaguna. Birritan irabazi dau arlo horretako Euskadi Saria: Pupuan trapua eta Tximeletrak liburuakaz; horreez gan, besteak beste, Auskalo igarkizun liburua be idatzi dau.
 
 
Mikel Zarate sariaren orain arteko irabazleak:

            2010 Asier Mendoza: Beste gu.
            2011 Julen Gabiria: Nire aita ikusezina da.
            2012 Gaizka Arostegi: Urrezko orrazia.
            2013 Irati Bediaga: Beldarren hegaldia.
            2014 Patxi Zubizarreta: Mundua baloi batean.
            2015 Arrate Egaña: Patioan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu