Euskerazko antzerki barritzailearen topaleku izango da Gasteizko Zurrunbilo jaialdia
2016-06-08 10:33 KultureaEkimenaren lehenengo edizinoa bagilaren 13tik 19ra egingo dabe Arabako uriburuan. Euskeraz egiten dan antzerki garaikideari lekua egitea da asmoa, orain arte alor horretan hutsunea egon dalakoan.
Gasteizko Baratza aretoko Parasite kolektiboaren idea batetik abiatu da Zurrunbilo. Antolatzaileek dinoe, euskerazko produkzino barritzaileenak erakusteko eta zabaltzeko guneak faltau izan dirala eta, ganera, badagoala era horretako antzezlanetarako publikoa. Beraz, beharrizan bati eratzutera dator Zurrunbilo. Sorkuntza garaikideari, bertoko produkzinoei eta kultureari lekua egingo deutse jaialdiak.
Egitaraua bagilaren 13tik 19ra bitartekoa izango da. Antzezlanak ez eze, tailerrak, musikea eta errezitaldiak egongo dira. Baratza aretoa izango da jaialdiaren erdigunea, baina Gasteizko beste leku batzuetara be helduko da Zurrunbilo.
Bagilaren 13an hasiko Ander Lipusek gidatutako tailerra, Aktorearen dantza mekanikoa eta poetikoa izenburupean. Antzerkigintzeagaz lotutako lantegi hori bost egunekoa izango da eta aurretik izena emon behar da. Ehun euro balio dau eta Baratzako zein TAE tailerreko bazkideek beherapena eukiko dabe.
Hilaren 15etik aurrera, emonaldi ugari ikusi ahal izango dira Gasteizen, euskerazko arte eszenikoak zertan diran ezagutzeko. Esate baterako, oraindino sorkuntza prozesuan dagozan bost pieza labur aurkeztuko ditue 15ean bertan, Oihaneder euskerearen etxean. Doban izango da. Hilaren 17an Oh My God taldearen Zer duzu Amy? antzeztuko dabe Oihanederren eta, ondoren, Baratzan, Anodino Teatroren Zerura eroria.
Metrokoadrokaren Mr Señora eta Atx Teatroren Bihotz salataria izango dira hilaren 18ko protagonistak, Baratzan. Amaitzeko, domekan, bagilak 19, Tripak taldearen Aitaren larrua ikusi ahal izango da. Baratza aretokoek sortutako pieza esperimentala da eta han bertan emongo dabe. Jaialdiari agur esateko jaia antolatu dabe domekan, Gora Tabernan. Joseba Irazokik joko dau han.
Euskerazko proposamen eszeniko barritzaileenei eta apurtzaileenei lekua egingo deutsen espazio baten faltea sumatu dabe antolatzaileek eta hutsune hori betetera dator Zurrunbilo. Arabari ez eze, Euskal Herri guztiari be onurea ekarriko deutsola uste dabe. Aurtengoa lehenengo edizinoa izango da, baina hurrengo urteotan barriro egiteko asmoa daukie.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!