Gatibu talde gernikarrak AEBetan eta Mexikon joko dau lehenengoz

Bizkaie! 2016-06-08 08:55   Musikea

Bagilaren 26an, New Yorken, Brooklyneko The Basement aretoan ekingo deutso Gatibuk US16 bireari.

Oraintsu jakin genduan Gatibu taldeak Gasteizen emongo dauela Euritan Dantzan birako azken zuzenekoa. Hain zuzen, datorren zapatuan, bagilaren 11n, Arabako uriburuko Kubik aretoan eskainiko dauen emonaldia areto-birako azkena izango da Euskal Herrian. Hemendik kanpo, ostera, sei kontzertu iragarri ditue: Ipar Amerikan eta Mexikon.

Kontuak kontu, Gasteizekoaren ostean, hilaren 18an, Bartzelonan emongo dau kontzertua Gatibu taldeak. Hortik aurrera, bagilaren 27an, New Yorkeko Brooklynen izango dira zuzenean, eta egun bat geroago Mexiko Urian joko dabe. Edozelan be, horreek ez dira Ipar Amerikan dituen emonaldi bakarrak, izan be, bagilaren 30ean, San Frantziskoko Euskal Etxea bisitauko dabe; garagarrilaren 3an, Kaliforniako Chino uria; eta garagarrilaren 7an, Washington.

Horrezaz gan, areto-birea amaitutzat emon arren, leitekeana da etxetik hur jairen bat edo beste girotzea udan. Baina oraingoz ez dabe horri buruzko informazinorik emon.



Gatibu zuzenean:

- Bagilak 11, Gasteizeko Kubik aretoan.

- Bagilak 18, Bartzelonako Diamant plazan.

- Bagilak 27, New Yorken, Brooklyneko The Basement aretoan.

- Bagilak 28, Mexiko Uria (Euskal Etxean).

- Bagilak 30, San Frantziskon (Basque Cultural Center aretoan).

- Garagarrilak 3, Chinon (Southern California Basque Clubean).

- Garagarrilak 7, Washingtonen (Smithsonian Folklife Festivalean, National Mall-eko Ralph Rinzler Concert Stage gunean, Korrontzi taldeagaz batera).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu