Ollerietako Euskal Buztingintzako Museoa, Smithsonian Folklife Festivalean

Bizkaie! 2016-06-07 11:42   Kulturea

Urtero, miloe bat persona hurreratzen dira Smithsonian Folklife Festival jaialdira, eta munduan 40 miloe lagun inguruk jarraitzen dabe jaialdia Interneten.

Blanka Gomez de Segura, Ollerietako Euskal Buztingintzearen Museoko arduradun eta arima nagusia, Washingtonera joango da hilaren amaieran, Smithsonian Folklife Festival-ak konbidauta. Izen handiko hitzordu horretan miloe bat lagun baino gehiago batuko dira euskal kulturea, artea eta ekonomia ezagutzeko, Euskadi baita aurtengo herri konbidatua.

Gorbeiako museo-lantegitik atera dira dagoeneko 500 zeramika-pieza AEBetako uribururantz, bagilaren 29tik garagarrilaren 10era uriko Zumardi Nazionalean ikusgai egongo dan erakusketarako. Gomez de Segura eta bere alaba, Itxaso Jaio, hau be buztinlaria, erakusketearen aurrean egongo dira eta, aldi berean, buztina modelatzen ikasteko lantegiak eta tornu erakusketak eskainiko ditue.

Musika, jantza, literatura, sukaldaritza eta, besteak beste, eskulangintzako 60 profesionalek baino gehiagok osotuko dabe Euskal ordezkaritzea. Gure kasuan aintzat hartu dabe ekimen pribatua izatea, proiektuaren benetakotasuna, ondareari eusteko egiten dogun ahalegina eta kultureagazko konpromisoa, adierazo dau Blankak, Museoaren jaubeak.

AEBetara joan arte, bagilaren 27an, baita itzulerearen ondoren be Ollerietako auzoko Museora, Gorbeia hegoaldera, hurreratzen diran bisitari guztiak gusto eta mimo handiz tratauko ditue, azken 20 urteotan egiten daben moduan.


Smithsonian Folklife Festival

Smithsonian institutuak antolatzen dauen nazinoarteko ekitaldi handia da, urtero Washington DCko National Mall-ean antolatzen dana. Kapitoliaren eta Washington Monumentuaren (obeliskoa) artean egiten da, aire zabalean dagoan 12.000 metro koadroko eremu batean. Urtero, miloe bat persona hurreratzen dira Smithsonian Folklife Festival jaialdira, eta munduan 40 miloe lagun inguruk jarraitzen dabe jaialdia Interneten. Testuinguru horretan, euskal erakundeek eta Smithsonian instituzinoak gure kulturearen erakustaldia egingo dabe Basque: Innovation by Culture lelopean. Ekitaldi entsutetsu horretan parte hartzeko konbita jaso dauen Europa hegoaldeko lehenengo eskualdea izateko ohorea dauka Euskadik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu