WOPeak proiektuaren hurrengo helburua Gasherbrum mendiak izango dira
2016-06-06 11:53 KultureaMendizaletasunaren bidez gaixotasun arraroak ikertzeko babesa batzeko proiektua, WOPeak, zortzigarren etapara heldu da: Alberto Iñurrrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza Gasherbrum mendi-moltsora joango dira, hango zortzimilakoren bat, edo batzuk, igoteko asmoz. Jon Herranz kameralaria be espedizinoan izango da.
Jon Renteriaren familiak eta ingurukoek abiatutako proiektua da Walk On Project, WOP, eta horren barruan dago WOPeak. Jon Renteriari gaixotasun neurodegeneratibo bat topau eutsien 2008an eta gaur egun gurpil-aulkian dago, mobitzeko gaitasuna ia guztiz galduta. Gaixotasun arraroen inguruko ikerketea bultzatzeko eta gizartean kontzientziazinoa zabaltzeko lanean dabilz WOPeko bultzatzaileak.
Alkartasunean, baikortasunean eta ahaleginean oinarritu nahi dabe WOP, Mikel Renteria Jonen aitak azaldu dauenez. Horregaitik, alpinismoaren baloreak bat datoz WOPek bultzatu nahi dauenagaz. WOPeak egitasmo garrantzitsua da WOPen burrukearen barruan.
Zortzi urrats edo etapa daukaz WOPeakek: Mila metro inguruko mendi batetik hasita, urtero espedizino bat antolatzea, aldi bakotxean beste mila metro gehituaz. 2010ean Gorbeiako Gurutzean (1.482 m) hasi ziran eta aurten helduko da azken etapea, zortzimilako mendi bat.
Azken hiru etapetan Iñurrategi, Vallejo eta Zabalza ibili dira WOPeaken izenean mendira igoten. 2014an Paiju Peak igon eben, 6.610 metrokoa. Igaz, Chamlang aukeratu eben, 7.319koa. Aurten, Gasherbrum mendi-moltsoa daukie begiz jota, zortzimilako mendi bi gordeten dituan eremua dalako: Gasherbrum I (8.068 m) eta Gasherbrum II (8.035 m).
Proiektu edegia da honako hau, helburu finko bakoa. Baldintzen eta unean uneko beharrizanen arabera erabagiko dabe zer egin. Hiru aukera nagusi daukiez: G-I eta G-II kateatzea, zeharkaldia eginaz; G-I igotea, aspaldi zabaldutako bide bi konbinauta; eta G-II 1975eko Bide Frantziarretik igotea.
Aukeretako bakotxak ezaugarri erabat desbardinak daukazala azaldu dau Iñurrategik. Esaterako, lehenengo aukerea oso luzea eta fisikoa da eta eguraldi oneko tarte luze bat beharko dabe, lau edo bost egun oso goian pasauko dituelako. Bigarren aukerea, ostera, arinagoa eta teknikoagoa da, hor edurraren egoereak baldintzatuko dau guztia, dino Iñurrategik, alpinismoan balio handiko igoerea litzateke. Hirugarren aukerea oso estetikoa dala dino Aretxabaletako mendizaleak, ertz eder eta zuzen batetik igongo genduke. Baldintza txarretan, azken aukera hori izan leiteke aproposena.
Bihar bertan joango dira Pakistanera WOPeakeko kideak eta han bertan erabagiko dabe nondik nora jo, behin girotze fasea eginda. Aukerea edozein dala be, Alberto Iñurrategik adierazo dau aurreko aldietako filosofiei eutsiko deutsiela: Gure gustuko eran igongo dogu, ohikoak ez diran bideetatik eta estilo alpinoan. Ze mendi igoteko orduan, batez be zentzuna erabiliko dabela ziurtatu dau.
Gasherbrum ingurua zergaitik aukeratu daben be azaldu dau Iñurrategik. Pakistan aldean mendizaletasunaren erdiguneetako bat da, mendi-moltso bakarrean sei mendi garrantzitsu batzen diralako. Tartean dagoz zortzimilako bi eta zazpimilako bat baino gehiago. Broad Peak (8.047 m) eta K2 (8.611 m) be ez dagoz urrun. Mendi ederra esan gura dau Gasherbrum izenak, hango baltiera hizkuntzan. Aztertutako hiru aukerak erakargarriak dirala dinoe espedizinoko kideek.
Iñurrategi, Vallejo eta Zabalzari, laugarren kide bat batuko jake oraingo honetan, Jon Herranz kameralari eta dokumental-egilea. Espedizinoko irudiak hartzeaz arduratuko da, gero dokumental bat egiteko. 2016ko Mendi Film Festival jaialdian aurkeztea da asmoa, baina gauzak txukun egin nahi ditue eta ezin izan dabe ziurtatu ordurako prest izango dan ala ez. Herranz pozik dago agindu deutsien zereginagaz: Erantzunkizun handia da hau, baina ilusinoagaz nago.
Era berean, Eneko Atxa sukaldariak preparautako jakiak eroango ditue mendira espedizinoko kideek. Goi-mendirako egokitutako elikagai liofilizaduak izango dira, baina hiru Michelin izar daukazan sukaldari batek eginak. Bestetik, Arrasaten egindako jantzi bereziak eroango ditue mendizaleek.
Mikel Renteria WOPeko bultzatzailea pozarren agertu da espedizinoa aurkezteko ekitaldian, semearen eta gaixotasun degeneratiboak daukiezan guztien aldeko lana aurrera doala ikusi dauelako. Jon semeari urte eta erdiko bizi-esperantzea emon eutsien 2008an medikuek eta oraindino bizirik dago, horregaitik, ez dala amore emon behar uste dabe WOPekoek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!