Iñaki Irasizabalek bere hamaikagarren nobelea argitaratu dau
2016-06-03 08:38 KultureaGauzak ez ziren sekula berdinak izango (Elkar) nobela baltza da idazle bizkaitarraren lan barria. Pederastia kasu batetik abiatzen dan istorioa da eta, irakaspenak emoteko baino, galderak eta zalantzak sortzeko lana dala dino Irasizabalek.
Pederastia kasu batzuen barri jakiten da herrian eta familia protagonistako aitaren lagun bat da susmagarri nagusia. Aitak esker ona zor deutsanez, ez dau laguna salatzen eta, presinoak itota, atzerrian lan egiteko eskaintza bat onartzen dau. Ama depresinoak joko dau eta, beraz, seme-alabek euren kabuz egin beharko deutsie aurre egoereari.
Familiaren kontrako erasoak, indarkeria eta gaitzespena dagoz liburuan. Familiako seme-alabek, egoereak behartuta, pisuzko erabagi asko hartu beharko ditue eta, Iñaki Irasizabalek ohartarazo dauenez, beti ez dabe zuzen jokatuko.
Nobela baltzaren barruan sartu leiteke Gauzak ez ziren sekula berdinak izango, baina badaukaz genero horretatik urruntzen dituan ezaugarriak be. Esaterako, umorea eta berba jokoak ugari dira. Irasizabalek liburuaren aurkezpenean azaldu dauenez, hasikeran gazteentzako liburua idaztea zan asmoa eta, horregaitik, era horretako literaturearen aztarna batzuk igarten dira behin betiko bersinoan. Narratzailea 15 urteko gazte bat da, esaterako.
Luzeraz, nobela laburtzat jo leiteke Irasizabalen lan barria. Asmoari jagokonez, autoreak dino ez deutsala inori lezinorik emon nahi, batez be kontuan hartuta gai arantzatsu bat aukeratu dauela, pederastiarena. Nahiago izan dau zalantzak eta galderak egin, erantzunik emon barik.
Iñaki Irasizabalen hamaikagarren nobelea da Gauzak ez ziren sekula berdinak izango. Azkenengo sei urteotan, urtero liburu bat plazaratu dau. Eszena laburretan, personen arteko hartu-emonak azaltzen ditu Irasizabalek bere liburuetan, Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko editoreak azaldu dauenez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!