Let's Jo! zikloa The Wizards taldeagaz eta Red Crocodile eta Crossover hasibarriakaz hasiko da

Bizkaie! 2016-06-02 13:40   Musikea

Let's Jo! ekimenaren helburua da Bilboko talde hasibarriak talde entzutetsuakaz batera jotea. Red Crocodile eta Crossover taldeak aukeratu ziran The Wizards taldearen hasierako konbidaduak izateko.

Bagilaren 3an, arratsaldeko 20:00etan, The Wizards, Red Crocodile eta Crossover taldeen kontzertua izango da Bilborocken. Kontzertu hori Bilboko Udalaren Let's Jo! programearen barruan dago, Bilboko 15 eta 35 urte bitarteko kideak daukiezan musika talde barriei aukerea emoteko asmoagaz, euren lanak eta musikea zuzenean eta izen handiagoko taldeakaz batera erakusteko. Udal ekimen hau musikearen munduan hasten dagozan eta Bilborocken ikusleen aurrean joten esperientzia eskuratu nahi daben gazteentzat da.

The Wizards taldea Bilbo Uria Pop Rock Lehiaketako Metal kategoriako irabazlea izan zan 2014an. Hard rock ilun eta atabikoa egiten dau eta 70eko hamarkadako soinuak ditu atsegin, high energy-agaz modu dotorean buztartuz. Igaz Oviedoko Faan Fest jaialdian izan zan eta, besteak beste, Iggy Pop ospetsuagaz jo eben saio berean. Taldeak Plague eta The Wizards grabazinoetako abestiak joko ditu.

Esperientzia handiagoko talde horregaz batera izango dira Bilboko talde barrientzako deialdi batean aukeratutako talde bi, hard rock estilokoak biak bere. Alde batetik, Red Crocodile, Jet, Skid Row, Steel Panther, Muse, Foo Fighters, Judas Priest, Guns & Roses eta Arctic Monkeys taldeen eragina dauen taldea. Eta bestetik, Crosssover, ACDC, Guns eta Los Suaves taldeen eragina dauena.

Bilboko Udalaren Gazteria eta Kirol Sailak iragarri dauenez, udagoienean beste deialdi bat egingo da, abenduaren 23an Bilborocken egingo dan kontzerturako talde bi aukeratzeko, karteleko talde nagusiaren ondoan.

Kontzertuak dobakoak izango dira eta zuzeneko musikaz gozau eta lehenengo pausuak emoten dagozan musika taldeen barri izan nahi daben persona guztientzako zabalik izango dira, aretoa bete arte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu