Askotariko doinuak batu nahi izan ditu Kepa Junkerak 'Maletak' disko barrian

Dabi Piedra 2016-06-02 12:30   Musikea

Aurreko diskoan legez, Sorginak taldeagaz batera egin dau lan Kepa Junkera trikitilari bilbotarrak. Bide barrietan sartu da oraingoan Junkera, esperimentazino gehiago dago Maletak diskoan. Esaterako, perkusinozko tresna tradizional ugariren doinuak sartu ditu.

Kepa Junkera eta Sorginak, Bilboko Euskal Museoan, disko barriko pieza bat joten | Ikusi handiago | Argazki originala

Hamazazpi kanta dakarz Maletakek, disko luzea eta landua da. Detaileak asko jagon dodaz proiektu honetan, adierazo dau Kepa Junkerak. Sorginak zortzikotegaz batera lan egiteak emon deutsazan aukera guztiak aprobetxau ditu oraingoan bilbotarrak: Aurreko diskoan, zeregin sinpleagoetara mugatu zan Sorginaken ekarpena baina, oraingoan, gauza barriak egiten ahalegindu gara. Perkusinoa, ahotsak eta jantzea egiten ditue Sorginakekoek diskoko abestietan.

Kanta bakotxak eskatzen dauenera egokitzea lan gatxa izan da, baina Sorginakeko Eneritz Aulestiak azpimarratu dau, diskoa egiten asko ikasi dabela: Aurrekoa baino landuagoa da disko hau eta orain arte egin ez doguzan gauzak egiten ikasi behar izan dogu.

Maletak, diskoaren izenburua ez eze, diskoaren abiapuntua be badira. Instrumentuak gordeteko maletak daukadaz nik gogoan, ez bidaietakoak, zehaztu dau Junkerak, maletak beti gustau izan jatez eta tresna guztienak gordeten dodaz. Orain dala urtebete inguru otu jakon maleten kontzeptu horretatik proiektu bat sortzea. Sorginakekoek ez eben begi onez hartu proposamena, baina Junkerak bere asmoari eutsi eutsan eta, azkenean, diskoaren izenburua be horixe da, Maletak.

Batez be, musika-tresna tradizionalak gordeteko maletak edo kutxak ditu gogoko Kepa Junkerak: Eskutik eskura ibilten, historia zatiak gordeten ditue, azaldu dau. Hain zuzen be, Junkeraren trikitixa eta beste tresna tradizional asko entzun leitekez diskoan: Ibon Koteronen albokea, Oreka TXren txalapartea, panderoa eta abar. Ganera, Espainiako tradizinoan arakatu dau Junkerak eta perkusinoaren interpretazino ugari sartu ahal izan ditu diskoan.

Kanten berbak idazteko be kolaboratzaile ezagunak euki ditu, Jon Maia eta Andoni Egaña bertsolariak tartean. Ahotsetan lagundu deutsie bertoko abeslariek (Xabi Solano, Jon Elustondo...) zein Espainiako musikagintzan dabilzanek. Esaterako, diskoko azken kantan ehun kolaboratzaileren ahotsak batu ditu eta euskerea eta gaztelania ez eze, galegoa eta katalana be entzuten dira. Kantari tradizionalek ideak eta esperientzia aportau ditue, dino Junkerak.

Kantek modu naturalean urten dabe, gauza batek hurregora eroan nau, azaldu dau Junkerak. Artisau eran egindako lana izan da, holan soinu bereziak topau ahal izan dodaz. Etxean grabau dau Maletak. Besteak beste, Igotz Ziarretaren laguntzinoa euki dau diskoaren diseinuan.

Disko luze-luzea dakar oraingoan Junkerak, beraz. Esan dauenez, pozik geratu da emoitzeagaz eta, batez be, diskoa egiteko moduagaz. Bide barrietatik abiatu dira Kepa Junkera eta Sorginak doinu eta adierazpide barrien bila. Prozesu aberatsa izan dala dino trikitilariak. Ganera, diskoko hamazazpi abestiak moltso bitan banatu leitekezala azaldu dau: Batetik, ohi baino sakonagoak edo konplexuagoak diranak; bestetik, ondo pasetea helburu daben doinu arinagoak.

Maletak diskoko doinuak entzuteko aukerea egongo da hurrengo asteetan, zuzeneko emonaldi ugari lotuta dituelako Kepa Junkerak eta Sorginakek. Domekan, hilak 5, Algortan izango dabe emonaldia, Ekuadorren aldeko ekitaldi baten. Ondoren, bertoko eta kanpoko hainbat lekutan ibiliko dira, proiektua aurkezten. Esaterako, Mungiako San Pedro jaietan izango dira Kepa Junkera eta Sorginak, hilaren 25ean. Washingtongo (AEB) Smithsonian Folk Festivalera be joango dira.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu