Dantza Eskolara, Eskolak Dantzara eta Familiak Dantzara ekimenetarako proposamenak jasoteko epea zabalik

Bizkaie! 2016-05-31 16:26   Kulturea

Jantzearen arloan publiko barriak sortzea eta sensibilizazinoa lantzea dira hiru programa horreen helburu nagusiak. Dantzabiz erakundeak azaldu dauenez, konpainiek, sortzaileek zein beste eragile batzuek aurkeztu leikeez proposamenak, bagilaren 18a baino lehen.

Bizkaiko Foru Aldundiaren zerbitzua da Dantzabiz. Erakunde horrek antolatzen ditu Dantza Eskolara, Eskolak Dantzara eta Familiak Dantzara ekimenak, hezkuntzearen alorrean eragiteko. Bagilaren 18ra arteko epea daukie konpainiek, sortzaileek eta eragileek proposamenak aurkezteko. Urteko azken hiruhilekoan garatuko dira aurkeztutako egitasmoak.

Dantza Eskolara programan, jantzearen inguruko kontuak hurreratzen jakez Bizkaiko eskoletako ikasleei. Jantzearen mundua eskolako errealidadeagaz lotuko daben proposamenak nahi ditu Dantzabizek arlo honetan. Guztira, hiru proiektu aukeratuko ditue eta bakotxak 2.500 euroko laguntzinoa jasoko dau.

Familiak Dantzara ekimenak, ostera, familia giroan bultzatu nahi dau jantzarako zaletasuna. Horregaitik, familien eta giro eszenikoaren arteko hartu-emonean sakontzeko jarduerak aurkeztu ahal izango dira Dantzabizen deialdira, aldi berean jarduera kultural baten inguruan familiarteko bizipenak eskainiko dituenak. Kasu honetan, proiektu bat aukeratuko da eta 1.500 euro emongo jakoz.

Amaitzeko, Eskolak Dantzara programearen bidez, Bizkaiko eskoletako neska-mutilei antzokietara eta jantza-ikuskizunetara joateko aukerea emoten jake. Ikasleak ikusle pasibo izan ez daitezan, publikoaren eta espazio eszenikoaren arteko hartu-emona sortuko daben proiektuen bila dabil Dantzabiz. Alor honetan proposamen bat aukeratuko da, 7.200 euroko aurrekontuagaz.

Proposamenak aurkezteko orduan, jantza tradizionala, klasikoa zein garaikidea kontuan hartuko dira. Gaur egun, Dantzabizegaz alkarlanean, Bizkaiko 12 ikastetxe dabilz eta proiektu barrietan parte hartzeko interesa agertu dabe guztiek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu