Zer jazoten da txinatar hegazkinakaz?
2016-05-30 13:41 BidaideOrain aste batzuk The Washington Post egunkariak egindako ikerketa sakon batek erakutsi eban lurreratze sistemearen diseinuan arazo larriak egozala eta horixe zala ezbehar zerrenda luzearen arrazoia.
Orain hamabost bat urte ekin eutson Txinak hegazkin industriari. Munduko hegazkin enpresa handienakaz lehiatzeko hegazkin modelo bi diseinau eta eregiko zituala iragarri eban: ARJ-21, hain zuzen be, gehienez 90 bidaiari eroateko eta 3.500 kilometro arteko bidea egiteko gaitasunagaz; bidea urratzeaz gan, Embraer brasildarrari eta Bombardier kanadarrari merkatuaren zati bat kentzea zan asmoa. Aurrerago hasi zan COMAC, Hegazkin Komertzialen Txinako Korporazinoa Boeing 737 estadubatuarraren eta Airbus A-320 europarraren alternatiba izateko jaiotako C-919 hegazkina merkaturatzen. Azkenean, pasabide bikotxeko C-929 modeloa izan zan garapen bide iraultzailearen muturrean, Boeing 787 Dreamliner eta Airbus A-350 modeloen parean kokatu zana.
Halan da be, bidaiari askok, baita neuk be, duda handiak ditue-doguz hegazkin horreetan sartzeko. Baina pentsau daigun Txina munduko bigarren indarra dala planetan konsumiduten diran gailu teknologikoak eregiten; Txinak ez dauka finantza arazorik holako proiektu erraldoi bat abiarazoteko eta Boeing eta Airbus enpresen aurreikuspen arabera, datozen hamarkadotan beharko diran 6.000 hegazkin barri eregiteko lana eta negozioa sano erakargarriak dira. Adituen kalkuluen arabera, bilioi bat dolarreko negozioa da eta hasierako helburua argia zan, hau da, munduari ezagutarazotea Asiako erraldoia kapaz dala teknologia ardatz dauen sektorean sortu eta lehiatzeko.
Baina errealidadeak beste arpegi bat erakusten dau, oraingoz. Prebisinoa orain zortzi urte martxan egotea bazan be, ARJ-21 hegazkin modeloa proba aldian dago oraindino. Hegazkina estreinauko dauen bezeroa, Chengdu Airlines hasarre dago honezkero ze pasa dan zezeilean inaugurazinoko hegaldia iragarri arren, bertan behera itxi behar izan eben hegazkinik ez ebelako jaso. Data gehiagorik ez dabe iragarri gura baina ustez 250 bezero gehiago be badagoz hegazkinaren zain eta inork be ez daki noiz jasoko dituen.
Beste alde batetik, urtebeteko atzerapenagaz, joandako zemendian aurkeztutako C919 hegazkinak be makinatxu bat arazo eragin ditu eta hegaldi komertzialak egin ahal izateko baimenak eta ziurtagiriak jasoteko amaiera jakinik bako prozesuan dago. Modelo horren anaia txikiak Txinako agintarien baimena izan arren, AEBetanko FAA erakundearen ziurtagiria falta jako eta, beraz, Txinatik kanpoko hegazkin konpainiek atzera egin dabe aurretiaz berbatutako kontratuetan. Kontuak kontu, Txinako konpainien asmoen barri izan ebenean, Boeing eta Airbus konpainietako arduradunak larritu ziran arren, aitatu gorabeherak tarteko dirala, Seattle edo Toulouse urietan gaur egun ez dago ezelako ardura edo egonezinik.
Zer jazoten da txinako hegazkinakaz? Txinako agintariek ez dabe ezelako informazinorik zabaltzen, Hegazkin Komertzialen Txinako Korporazinoa eta herrialdeko hegazkin konpainia gehienak kontroletan ditu eta, beraz, lehen aitatutako atzerapen, baimen eta ziurtagiri kontuetan izan daitekezan arrazoiak jakiterik ez dago. Dana dala, hegazkin txinatar bat badago martxan, Xian Aircraft Industrial Corporation-ek eregitako MA60 turbohelizea, hain zuzen be. Baina ATR franko-italiarragaz lehiatzeko sortutako hegazkin txikiak etorkizun baltza dauka, izan be, konpainia askok baztertu egiten dabe; berbarako, hegazkin batzuk doban jaso zituan Nepal Airlines konpainiak ez ditu erabilten aurretiaz programautako ibilbide gehienak egiteko ez dabelako balio.
Horrezaz gan, orain aste batzuk The Washington Post egunkariak egindako ikerketa sakon batek erakutsi eban lurreratze sistemearen diseinuan arazo larriak egozala eta horixe zala ezbehar zerrenda luzearen arrazoia. Txinatik kanpora esportautako MA60 modeloko 57 hegazkinetatik 26 zerbitzutik kanpo dagoz seguridade arrazoiakaitik eta beste sei ez dagoz erabilgarri. 2013ko bagilean, hegazkin horreetako bat pistatik kanpora joan zan Myanmar-en, Kawthaung-eko aireportuan eta arduradunek hortxe, bederretan ixtea erabagi eben. Beste hegazkin bat lurrera jausi zan Indonesian eta 25 lagun hil ziran. Zeelanda Barriak bere herritarrei esan deutse MA60 hegazkinik ez hartzeko eta doban jasota zituan Tonga herrialdeak be bertan behera itxi ditu aitatu hegazkinaren hegaldiak. Ni neu MA60 horren aurreko modeloa dan Y-7 hegazkinean ibilita nago eta barriro ez errepetiduteko esperientzia izan zan.
MA60 hegazkina eregiten dauen enpresea eta ARJ-21 eta C-919 modeloak eregiten dituena ez da bat eta MA60 hori errusiar hegazkin zahar baten egungo bersinoa bada be, nire uste apalean ez da hori nahikoa berme. Arazo teknikoak ez dira gehien harritzen nabenak, enpresa txinatarrak eta Gobernuak berak ezer ez esatea da arduratzen nauena. Lehen aitatutako The Washington Post egunkariak ikerketa lan horren azken ondorio legez esan dau Txinak segurutik diseinu arazoak ez eze, seguridadea bermatzeko nahitaezko informazinoa be ezkutatu dauela. Eta egunero miloeka lagunen biziagaz jokuan dabilen hegazkin industrian nahitaezkoa da informazino guztia zuzen eta garbi adierazotea.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!