Bilboko Azkuna Zentroak 'Prototipoak', formatu artistiko barrien nazinoarteko topaketea hartuko dau

Bizkaie! 2016-05-25 16:23   Kulturea

Azkuna Zentroak Forma Artistiko Barrien Nazinoarteko Topaketea antolatu dau maiatzaren 25etik 28ra arte, Prototipoak izenburuagaz. Topaketa honek 3, 2, 1. Forma Eszeniko Barrien Nazinoarteko Topaketea programeari jarraipena emon nahi deutso.

Prototipoak, bi urtean behin egingo dan nazinoarteko topaketa honek formatu artistiko barriak hurreratu nahi deutsez herritarrei, ezohiko espazioak erabiliz eta erkidegoagaz batera sortutako prozesu artistikoen bidez. Prototipoak programan izango diran artistek eta proiektuek, beren lana proponidutako testuingurura egokituz, esperientzia barriak eskainiko deutseez ikus-entzuleei.   

3, 2, 1. Forma Eszeniko Barrien Nazinoarteko Topaketearen jarraipena da Prototipoak. Azkuna Zentroaren programazino estrategiari jarraitzen deutso, hau da, adierazpide garaikideak babesten ditu, eta Bilboko beste programazino edo instituzino batzuen zeregina osotzen dau. Oraingoz, lehenengo prototipoa baino ez da izango; baina etorkizunean, nazinoarteko eta erkidegoko bokazinoa daben ikusleen eta artisten arteko hartu-emonei bide emongo deutsen ingurunea izan daiteke.

Programa honegaz, Azkuna Zentroak espazio erkide bat zabaldu nahi dau, artisten arteko eta artisten eta erkidegoen arteko parte-hartze horizontala jarraibidetzat hartuta. Kanpoan/barruan eta barruan/kanpoan logikea landu nahi da, formatu desbardinetan eta espazioan; eta, horrezaz gan, espazio erkideak sortu nahi dira espazioaren eta denporearen artean, arteari jagokozan espazioen artean eta publikotzat jotako espazioen artean.
 
Azkuna Zentroa espazio erkidetzat hartzen badogu, orduan, zelan jokatu gizarteko eztabaidak, aldaketak, tirabirak, gatazkak eta bestelakoak espazio horretan ordezkatuta egon daitezan, adierazpide artistikoen bidez? Horixe da komisarioei eta artistei jotako erronkea.

Esangura horretan, Prototipoak programeak herritarrei hurreratu gura deutsez formatu artistikoak, ezohiko espazioak erabiliz. Baina, horrezaz gan, herritarrak artistakana eta artisten proposamenetara hurreratu gura ditu aldi berean. Izan be, momentu bereziak sortu nahi dira, artistek, beren proposamenen bidez, konpartiduteko moduko esperientziak bizibarritu deiezan.

Programea egituratzeko, lau komisario ibili dira lanean: Rosa Casado, Xabier Erkizia, Javier Duero eta Mateo Feijóo.

Informazino gehiago eta egitarau osoa hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu