Bilbao 700 Fundazinoaren '365 Jazz Bilbao Matine' zikloa Joshua Edelmanek edegiko dau

Bizkaie! 2016-05-24 13:51   Musikea

Bilbao 700 Fundazinoak 365 Jazz Bilbao Matinée ziklo barriari ekingo deutso El Jazz en la vida de todos kontzertuaren bidez, Joshua Edelmanen eskutik. Hurrengo domekan, maiatzaren 29an, 12:30ean, EHUren Bizkaia Aretoko Mitxelena Entzunaretoan ziklo honetako lehenengo kontzertua izango da.

Bilbao 700 Fundazinoak 365 Jazz Bilbao Matinée ziklo barriari ekingo deutso El Jazz en la vida de todos kontzertuaren bidez, Joshua Edelmanen eskutik. Hurrengo domekan, maiatzaren 29an, 12:30ean, EHUren Bizkaia Aretoko Mitxelena Entzunaretoan ziklo honetako lehenengo kontzertua izango da. New Yorkeko artisteak idatzi dauenez, 'Jazza, zintzotasunez, indarrez eta tradizinoaren jakitun joten danean, jente guztiaren gustukoa da... Erantzukizun hori daukat, doinu hau sentiduten dodan legez, haren sekretuak nahi daben guztiei erakustea eta entzulego guztiei agertokiaren gainean eskaintzea'.

Bilbao 700 Fundazinoak bere Ekintza Planean onartutako helburu eta erispideakaz jarraitzen dau: Bikaintasunari eutsiz, gorantz datozen euskal artista barrien ibilbidea finkatzen lagunduz eta Bizkaiko ikasle eta artistak sustatzeko programa didaktikoari ekinez.

Aitatutako helburuak beteteko, 365 Jazz Bilbao zikloa bereizitako hiru programaren bitartez ezartzen da:

- 365 Jazz Bilbao Antzokia: Campos Antzokian 4 kontzertu eskainita. Hasierakoa, apirilaren 26an emon eban Regina Carter biolinisteak eta irailean jarraituko dabe.

- 365 Jazz Bilbao Matinée: hurrengo domekan, maiatzaren 29an hasi eta udagoienean barriro hasiko da.

- 365 Jazz Bilbao Gautxori: hotel eta lokal egokietan egingo diran kontzertuen zikloa irailean hasiko da.

Jazza musika-estilo hutsa baino zeozer gehiago da. Haren atzean, askatasunaren amesa gauzatzeko etenbako nahia dagoan ezkero, musika eta gizartearen pasinoa bateratzea oso beharrezkoa da. Beharbada, ziklo honek harago heltzeko aukerea eskainiko deusku, etikearen eremura.


El Jazz en la vida de todos, Joshua Edelma. Maiatzak 29, 12:30ean

Artistak
Joshua Edelman. Pianoa eta zuzendaritzea.
Ana Sagastizabal: Ahotsa.
Ledian Mola: Biolea.
Yelsy Heredia: Kontrabaxua.
Moises Porro: Bateria.
Charlie Cooper: Ahotsa eta saxoa.
Susana Santolaria: Poesia.

Jazz Cultural Theatre of Bilbaoren ikasleak

Julen Edelman: Pianoa eta ahotsa.
Ander Edelman: Pianoa eta ahotsa.
Yaiza Santolaria: Pianoa eta ahotsa.
Asier Pagazaortundua: Pianoa.
Olivia Cerda: Pianoa.


Ikus-entzunezkoa irudiak

Alberto Santolaria.


Programea:

Bilduma honetan jatorrizko jazzaren, antzerki musikalaren, mundu klasikoaren eta folklorearen doinuak egongo dira. Elementu guzti horreek Joshua Edelmanen bizitza eta ibilbide musikala osotu ditue. Bilbao 700 Fundazinoak antolatutako kontzertuan, besteak beste, Duke Ellington, Thelonius Monk, Bach, Ernesto Lechona, Shlomo Secundo musikarien eta Edelman beraren obrak interpretauko ditue.

Joshua Edelmanek berak eratu eta zuzendutako Jazz Cultural Theatre of Bilbao erakundearen umeak kontzertuaren protagonista izango dira. Helburua esperientziak konpartidutea eta Bilboko jazzaren gazte promesa horreek nazinoarte mailan ibilitako musikariakaz joteko aukerea izatea, agertokian bertan eta hortik kanpo.


Sarrerak salgai:

• 11:00etatik aurrera kontzertuaren aretoan: EHUren Bizkaiko Aretoko Mitxelena Entzunaretoa (Abandoibarra etorbidea, 3).

• Bilbao 700 Fundazinoaren webgunean: www.bilbao700.eus maiatzaren 24tik aurrera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu