Antzerki, jantza eta musikalik onenak Arriaga Antzokiaren urtearen amaierara arteko programazinoan

Bizkaie! 2016-05-23 15:45   Kulturea

Arriaga Antzokian arte eszeniko guztiek dabe lekua, baina abuztutik abendura bitartean antzerki programazinoa nabarmendu behar da beste guztien gainetik, antzezlan handiak eta lehen mailako artistak etorriko diralako. Kasu batzuetan, erabateko estreinaldiak izango dira, berbarako, irailaren 15etik 18ra bitartean karteldegian egongo dan Claudio Tolcachirrek zuzendutako La Mentira.

Arriaga Antzokiak kalidade maila handiko programazinoa jasoko dau udatik urtea amaitu arte, ikus-entzuleek 25 ikuskizunez gozau ahal izango dabe.

Arriaga Antzokian arte eszeniko guztiek dabe lekua, baina abuztutik abendura arteko bost hileotan antzerki programazinoa nabarmendu behar da beste guztien gainetik, antzezlan handiak eszenaratuko diralako eta lehen mailako artistak etorriko diralako. Kasu batzuetan, erabateko estreinaldiak izango dira, berbarako, irailaren 15etik 18ra bitartean karteldegian egongo dan Claudio Tolcachirrek zuzendutako La Mentira. Lau egun geroago, irailaren 22tik 25era, Arriagak beste erabateko estreinaldi bat jasoko dau, beste zuzendari argentinar batek, Daniel Veronesek, zuzendua. Invencible izango da, beste izar handi bat protagonista izango dauen komedia urratzailea: Maribel Verdú.

Antzerki programazinoko erabateko hirugarren estreinaldia urriaren 21ean eta 22an eskainiko da. Catalin antzezlana izango da, eta euskal antzerkiak momentu honetan aurrez-aurre dauen erronka garrantzitsuenetakoa izateaz gan, Gorka Mínguez zuzendariak eta bertako antzezlez osotutako antzezle taldeak Rita Barrenechearen, Solanako markesa eta Carpioko kondesearen (1757-1795) ganean egiten daben errebindikazinoa da. Estadu mailako antzerkian eta, harrigarria bada be, baita euskal literaturan, ahaztuta dagoan izena. Bilbon jaio eta urte asko igaro orduko Valladolidera joan zan; ezkondu ondoren, Madrilera joan zan, eta bertan hil zan 37 urtegaz. Madrilen literatur arloko zirkulu garrantzitsuenetako kide izan zan, Jovellanosen lagun egin zan eta Goyak erretratua be egin eutson. Emakume batek idatzita Espainian argitaratu zan lehenengo antzezlana da.


Ganerako antzerki proposamenak aitatzearen, El alcalde de Zalamea, irailaren 29tik urriaren 2ra, Helena Pimentak zuzendua eta Compañía Nacional de Teatro Clásico izenekoak produzidutakoa, 20 antzezlek osotutako talde bikainagaz, Carmelo Gómez buru dala; La clausura del amor, urriaren 5ean eta 6an, Israel Elejaldek eta Barbara Lenniek antzezten daben bikote baten harremanaren amaierearen istorio gogorra; eta urriaren 11n eta 12an, Ernesto Caballeroren Reina Juana antzezlan indartsua, barriro be Concha Velasco ikusteko aukerea emongo deuskuna. Eta hori gitxi balitz, urriaren 27tik 30era eszenako beste personaia handi batek zapalduko dau Arriaga Antzokiaren eszenatokia: Eduard Fernándezek. Antzezle handia izango da Panorama desde el puente lanaren protagonistea. Arthur Miller egileak Pulitzer sari bat irabazi eban lan horregaitik.

Amaitzeko, zemendiaren 17an, Arriaga Antzokiak Unai Iturriagaren eta Igor Elortzaren Francoren bilobeari Gutuna lana jasoko dau. Euskal Herriko hiru konpainiak batera konpartiduko daben proiektua da: Artedrama (Bizkaia), Le Petit Théâtre de Pain (Lapurdi) eta Dejabu Panpin Laborategia (Gipuzkoa). Ximun Fuchs da antzezlanaren zuzendaria, eta Ander Lipus antzezle taldearen burua.


Nazinoarte mailako jantzea

Jantza programazinoak ezinbesteko hiru hitzordu dakarz; orain 35 urte Moses Pendletonek sortu eban eta egoitza Washingtonen dauen Momix konpainia estadubatuarra jantzearen erreferentea da mundu mailan. Zemendiaren 1etik 6ra aho zabalik itxiko ditu Arriagako ikusleak W Momix forever lanagaz.

Zemendia ospakizun hilea izango da jantza zaleentzat, izan be, egun batzuk geroago, 11n eta 12an, Arriaga antzokiak Düsseldorfeko Ballett am Rhein hartuko dau, Alemaniako eta munduko jantza konpainia onena. Martin Schläpfer koreografoa da zuzendaria eta 16 herrialdeetako 45 jantzarik parte hartzen dabe lanean.

Hybrid jantza programazinoaren hirugarren harribitxia da (Urriaren 26an). Oso proiektu berezia izango da, izan be, bere izenak adierazoten dauen lez, Mokoto Hirayama jantzari eta koreografo japoniarraren (bera da Hybrid proiektuaren zuzendaria) konpainiaren trebezia artistikoak, Ainu etniako Emi Toko abeslariaren ahots berezi eta xarmagarriarekin, eta Oreka TX euskal txalaparta eta perkusino joleen erritmoagaz buztartzen baititu ikuskizun bakarrean.

Hybrid

Musikal arrakastatsuak

Mamma Mia musikalaz gain (abuztuaren 15etik irailaren 10era), karteldegiak beste produzkino bi eskainiko ditu aurten. Urriaren hasieran, 8an eta 9an, hain zuzen be, Asier Etxeandia Arriaga Antzokira itzuliko da, oraingo honetan zortzi musikarik lagunduta eszenan. 2013ko abenduan arrakasta itzela lortu eban El Intérprete inoiz baino handiagoa itzuliko da orain, El Intérprete XXL bilakatuta, mundu guztia jantzan jarriko dauen obran. Eta abenduan, 1etik 30era, Cabaret, el musical de Broadway lan ikusgarria izango da Bilbon.


Euskal musikearen erreferenteak

Kontzertuen programazinoa euskal artistek beteko dabe, izan ere, aurreikusitako 5 emonaldietatik 4 bertako bakarlarien edo taldeen esku etorriko dira. Bakarlarien artean, zemendiaren 13an, Ainhoa Arteta sopranoaren errezitaldia azpimarratu behar da, Federico García Lorcaren figureari eskainitako La voz y el poeta izeneko kontzertu berezian.

Arriaga Antzokiko eszenatokia zapalduko dauen beste izen propio handi bat Benito Lertxundi izango da (Zemendiaren 20an).

Edertasun bereziko eta garrantzi sakoneko beste ekimen bat Euskel Antiqvua izango da, urriaren 13an, Euskal Herriaren musika legatua eskainiko dauen ikuskizuna. Enrique Solinisen zuzendaritzapean joko dauen Euskal Barrokensemble taldearen kontzertua izango da.

Amaitzeko, José Luis Ormazabalek zuzendutako Bilboko Abesbatza Alkarteko umeen Abesbatzak, umezaroari eta umeen eskubideei eskainitako kontzertu berezia emongo dau zemendiaren 19an. Lizeo frantseseko abesbatzak be parte hartuko dau, Ormazabalen beraren zuzendaritzapean.

Kontzertuen programazioa Manel talde katalanagaz zarratuko da (Urriaren 23an).  

Era berean, OLBE-ABAOren Opera Txikia Arriagan izeneko zikloak be jarraipena izango dau datorren denporaldian.


Arriagako Gelatxuak

Arriagako Gelatxoek formatu txikiagoko beste ikuskizun mueta intimistagoa ikus-entzuleei hurreratzen jarraituko dabe. Formatu horretan, ikus-entzuleek eta antzezleek antzezpenaren espazio fisikoa ia konpartidu egiten dabe. 

Urriaren 3an eta 4an, Lola Markaidak berak, Pablo Ibarluzeagaz batera, sortu duen On/Off, la travesía en un instante lana eskainiko dau agertokian.  Horrezaz gan, barriro be Arriaga Antzokiaren produkzino lan propioak azpimarratuz, agertokian, oraindino zehaztu barik dagozan egunetan, Donostia 2016 Fundazinoak, Victoria Eugenia Antzokiagaz, Gasteizko Principal Antzokiagaz eta Arriaga Antzokiagaz batera, bultzatu dauen Antzerkigintza barriak proiektuaren bitartez aukeratutako hiru lanen emonaldiak eskainiko dira. Hiru antzokiak izango dira lan horreek produziduko dituenak.

Urriaren 19an, Harkaitz Canok eta Maite Arroitajauregik Porto izeneko errezitaldia eskainiko dabe. Bertan, ardaoaren atxakiagaz, egungo bizitzeari buruzko ikuspegi lirikoa eta umorez betetakoa emongo dabe. Zemendiaren 16an, Guillermo Garmendia artista bilbotarraren txandea izango da, Blas de Otero, la música y la palabra ikuskizunagaz. Eta azkenengo bi gelatxuak abenduan izango dira. Lehenengoa 12an, Euskal kantu liriko barriak izenekoa, zenbait kantutegitatik (Azkue, Aita Donostia, etab.)  jasotako abesti tradizionalakaz batera abesti liriko barrien sorkuntzea eta zabalkundea helburu dauen proiektua. Eta bigarrena abenduaren 19an, Coro Rossini izenekoak eskainiko dauen Gabonetako kontzertuagaz.


Proiektu pedagogikoak

Arriaga Antzokiak, prestakuntzan eragina daben izaera didaktikoko eta pedagogikoko ekimenen aldeko apustuagaz jarraitzen dau.


Sarrerak bagilaren 23an salgai
 
Abuztua eta abendua arteko programazinoko ikuskizun guztietarako sarrerak (dagoeneko salgai dagozan Mamma Mia ikuskizunerako sarrerak izan ezik), bagilaren 23tik aurrera egongo dira salgai jente guztiarentzat, Arriaga Antzokiaren ohiko salmenta kanaletan: www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu