Leioako Umore Azokan 38.000 ikusle egon dira
2016-05-23 15:26 KultureaEguenetik domekara bitartean egin da Leioako Umore Azokea eta antolatzaileek balorazino positiboa egin dabe. Publikoaren harrera onaz ganera, jarduera profesionala egon dala nabarmendu dabe. Epaimahaiak, Vendaval, Philo & Jole eta Larruaren proposamenak saritu ditu.
Aurtengo datuak kontuan hartuta, ikusle kopuruak nabarmen egin dau gora. Igaz baino 11.000 herritar gehiago batu dira Leioan, kaleko ikuskizun barritzaileenak ikusteko. Guztira, 38.000 ikusle izan dira, beraz. Antolatzaileak pozik dagoz eskaintza artistikoagaz eta publikoaren erantzunagaz.
Erabateko 21 estreinaldi hartu ditu Leioako Umore Azokeak aurtengo edizinoan. Guztira, 50 konpainiaren 54 obra ikusi ahal izan dira Leioako kaleetan. Edizino biribila izan da, era guztietako ikusleakana heldu gara, dino Ana Lopez Umore Azokearen zuzendari artistikoak.
Azokeak erakarritako jarduera profesionalagaz be pozik dagoz antolatzaileak. Sektoreko profesionalentzako topagune bihurtu dabe Leioa. Ganera, SAREA antzokien sarearen batzar nagusia eta Euskadi-Akitania topaketea hartu ditu herriak egunotan. Espainiako Kaleko Arteen Profesionalen Alkartearen sorrera agiria sinatzeko aprobetxau dabe Umore Azokea.
Vendaval taldearen Soif ikuskizunak jaso dau aurtengo azokako sari nagusia. Teknika landu bati esker, dramaturgia, konpromisoa, arriskua, antzerkia eta jantzea oreka handiagaz batu ditu eta publikoaren emozinoak biztu, epaimahaiko kideek azaldu dabenez.
Bestetik, Philo & Jole konpainiak Mr. Pichichi ikuskizuna eroan dau Leioara. Euskadiko kale ikuskizun onenaren saria emon deutsie, kale arteen oinarrira heltzen dan personaia sortu, eta umoreagaz, inprobisazinoagaz eta publikoagaz hartu-emona bultzatuz inguruagaz maisutanez jolastu dauelako, epaimahaikoen esanetan.
Amaitzeko, Larrua konpainiak jaso dau artista edo ikuskizun barririk onenaren saria, taldearen izena, Larrua, daroan piezeari esker. Break dancean eta jantza garaikidean oinarritutako lenguaia eregiteagaitik eta jantzarien arteko lotureagaitik jaso dau saria.
Leioako Umore Azokearen 17. edizinoko epaimahaian honeek egon dira: Filgi Claverie Gerald Fannon, Jordi Gaspar, Anna Giribet, Elena Ros, Nando Piñeiro eta Javier Alcorta.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!