Aroa Arrizubieta eta Peru Amorrortu izango dira Ereñotzun Arabako ordezkari
2016-05-23 08:26 BertsolaritzeaAroa Arrizubieta gasteiztarrak jaso dau arabako erreleboa; astegoienean 14-18 urte bitartekoen XIX. Bertsolarien Eskolarteko finala irabazi eta igaz irabazle subertau zan Peru Abarrategik berak pasau deutso erreleboa.
Maiatzaren 21ean, Aramaion jokatu zan Arabako bertso eskolen eguna eta 14-18 urte bitartekoen XIX. Bertsolarien Eskolarteko finala. Arabako bertso eskoletako ume, gazte eta gaztetxuak batu ziran Aramaion, batzuk lau oinetan ibili ziran, beste batzuk bertso sorta jarriak kantetan eta nagusienek bat bateko saio ederra osotuz.
Aramaioko eta Legutioko ikasleen bertso sorta jarriak entzuteko aukerea izan zan lehenengo. Eta ostean, sei gazte oholtzan norgehiagokan Maria Izagak jarritako lanei fin, ausart eta arin erantzunez. Aroa Arrizubieta, Markel Yoller, Martin Abarrategi, Peru Amorrortu, Unai Anda eta Xabier Antia izan dira zortziko handian, zortziko txikian, puntu erantzunetan eta gaiari kantetan ibilitako bertsolariak.
Azkenean, Aroa Arrizubieta gasteiztarrak jaso dau arabako mikro erreleboa, igaz irabazle subertau zan Peru Abarrategik berak pasau deutso erreleboa. Egurrezko mikro honek urtero erreleboan etxez etxe, familiaz familia, auzoz auzo, herriz herri eta Arabako kuadrillaz kuadrilla ibilteko helburua dauka, beraz... 2017ko udabarria bitartean Gasteizen izango da Aroaren sendian.
Aroa Arrizuebieta eta Peru Amorrortu Bertxilika Bertso Eskolako kideak izango dira aurten Euskal Herriko Eskolarteko finalean Arabako ordezkari. Bagilaren 4an, Ereñozun izango da egun hori, ereñoztarra zan Txirrita bertsolari handia hil zala laurogei urte beteten baitira. Baina eguna ez zan hor amaitu eta Aramaioko bailara honetara konbidautako eguzki izpi gozoen azpian herriko kaleetatik trikipoteoan ibili ziran gazteak. Ostean, oilasko paella eta gaztai tarta ederra jan eben San Martin eskolako jantokian.
Eta egunari amaierea emoteko, herri olinpiadak, lokotxetan, eskiak oinetan eta sokatiran ibili ziran bertaratuak baina kanteteati itxi barik, puntuak eta oinak jarriz.
Egun borobila, bertsoz, barrez eta eguraldi ederraz lagundua Aramaion.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!