'Familia artean' egindako diskoa dakar Joseba B. Lenoirrek
2016-05-19 12:34 MusikeaAutoprodukzinoa da Eguzkiari begietara so, Joseba B. Lenoirren bakarkako laugarren diskoa. Askotariko doinuak batu ditu oraingoan beratarrak bederatzi kantako lanean. Ingurukoen laguntzinoagaz egindako diskoa danez, familia artean sortutakoa dala nabarmendu dau.
Grabaketea, produkzinoa... dana etxean egin dogu, azaldu dau Joseba B. Lenoirrek. Ander Mujika, Miren Narbaiza, Felix Buff, Lutxo Neira eta Xan Bidegain izan ditu alboan eta euren arrastoa be igarten dala dino beratarrak: Bakarkako diskoa da, baina talde lana da oinarria. Azalaren diseinua Xabier Sagastak egin dau, aurreko diskoetan legez, bere lanak eta nireak alkar inspiretan dabe.
Beraz, hurrekoen laguntzinoagaz sortutako diskoa da Eguzkiari begietara so. Diskoetxeak albo batera itxi eta autoprodukzinoaren bidean sartu da Joseba B. Lenoir. Ez da erraza musikatik bizi izatea, baina uste dot biderik egokiena autoprodukzinoa dala, inoz ordaintzera heltzen ez zaren gastuak eragiten ditue bitartekariek. Hasikerako grabazinoak Garate estudioan egin zituan arren, etxeko egongelan grabau ditu beste moldaketa eta kolaborazino asko.
Bederatzi abestitan, danetariko doinuak dakarz disko barriak. Badagoz garage erako rock&roll zaratatsua zein musika baltzetik hurreko soinua. Pop estiloko kantaren bat be sartu dau, baina zikintzen ahalegindu naz. Jimi Hendrix-en eta Rolling Stones-en eragina igarten da une batzuetan, Joseba B. Lenoirrek onartu dauenez, eta gaur eguneko jokera musikalak be sartu nahi izan dituala ganeratu dau.
Aniztasun hori nahita bilatu dauela dino Berakoak. Hasikeran 14 edo 15 abesti preparau genduzan, danetariko estiloetakoak, eta aniztasun hori gorde nahi izan neban. Azkenean bederatzi abesti aukeratu zituan, uste dot, danen artean, osotasun bat sortzen dabela.
Autoprodukzinoa dan ezkero, ohiko merkadutik kanpo salduko dau diskoa Joseba B. Lenoirrek: Gasteizko Zuloan eta Bilboko Power Records-en behintzat, salgai ipiniko dabe, eta Beran, Donostian eta Baionan be, laster salmenta puntuak egotea espero dau. Interneten daukan gunean be lortu ahal izango da disko fisikoa zein digitala.
Maiatzaren 26an hasiko dabe diskoa aurkezteko birea Joseba B. Lenoirrek eta bere bandeak. Gasteizko Jimmy Jazz aretoan joko dabe lehenengo eta, hilaren 27an, Tolosako Bonberenean izango dira. Bagilean, lau kontzertu emongo ditue gitxienez: 17an Ondarroako Portuko Ranpan, 24an Donostiako Le Bukowskin, 25ean Azkoitiko Matadeixen eta 30ean Bilboko Kafe Antzokian.
Bilbon egindako aurkezpenean, disko hau plazaratu izanagaitik pozik dagoala onartu dau Joseba B. Lenoirrek, garaipen txiki handi bat izan da. Bere inguruko jenteak lagunduta diskoa atara izana aurrerapausua dala dino.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!