Ernest Hemingwayren ibilbidea gogoratu dabe Bilbon

Bizkaie! 2016-05-19 12:40   Kulturea

John Hemingway, nobel saridunaren lobea, haren aititak Euskal Herrian gehien ibilitako lekuak bisitetan dabil egunotan, Eusko Jaurlaritzeak, EAEko hiru uriburuetako udalek eta Urdaibai eskualdeko Landa Garapenerako Urremendi Alkarteak konbidauta. Gidari lanak Edorta Jimenez idazleak egin ditu.

Ernest Hemingway idazle ospetsuaren ibilbidea gogoratu dabe Bilbon. Xabier Ochandiano Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Zinegotziak ondo etorria emon deutso John Hemingwayri, nobel saridunaren lobeari, izan be, haren aititak Euskal Herrian gehien ibilitako lekuak bisitetan dabil egunotan, Eusko Jaurlaritzeak, EAEko hiru uriburuetako udalek eta Urdaibai eskualdeko Landa Garapenerako Urremendi Alkarteak konbidauta. Gidari lanak Edorta Jimenez idazleak egin ditu.

John Hemingwayren bisitea, mundu osoan ospetsu bilakatutako idazlearen aztarnak Estadu osoan jarraitzeko asmoz gurera heldu diran National Geographic Traveller aldizkariko hainbat txinatar kazetariren famtrip-agaz bat dator. Euskal Herrian zehar antolatutako bisitea Bilbon amaituko da gaur. Haren abiapuntua Carlton Hotela izango da, hain zuzen, Bizkaira etorten zanean Hemingwayk hortxe hartzen eban ostatu, garai haretako beste personaia ospetsu batzuen modura, esate baterako, Lauren Bacall.


Uda arriskutsua

Vista Alegreko zezen-plazea ibilbide honetako beste mugarri bat izan da, batez be, amerikar idazlea zezenketen zale amorratua zala kontuan hartzen badogu. Plazako museoan Uda arriskutsua obrearen zati bat irakurri dabe. Horretan, Luis Miguel Dominguinek betiko arerioagaz, Antonio Ordoñezegaz izandako eskuz eskukoan zezenak zelan harrapau eban kontetan da.

Horrezaz gan, Bilboko zezen-plazarako bisita horretan Hemingway Vista Alegren egon zaneko argazkiak ikusgai egon dira. German Elorzak hartutako irudi bildumea Eusko Ikaskuntzak beren beregi laga dau ekitaldi honetarako.

Hemingwayren aztarnak Arte Ederretako Museoan be badagoz. Bilboko pinakotekan, John Hemingwayk, haren lobeak, Ernest Hemingway eta bere laguna zan Juan Duñabeitia (Simbad Itsasgizona edo Sinsky goitizenez) agertzen diran Ucelay euskal margolariak egindako koadroa ikusi ahal izango dau.

Ibilbidea Zazpikaleetan amaitu da, sukaldaritzeari txandea emonda. Víctor jatetxean idazleak gustuko zituan platerak probeteaz gan, famtrip-ak Luciano bisitau dau, orduko lokal ezagunenetakoa.

Azken buruan, idazlearen beste pasino bat zan euskal pelota kirol-ikuskizunagaz amaierea emon deutsie bisiteari, Artxanda frontoian egingo dan zesta-puntako erakustaldiaren bidez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu