Mongolia biak hil hurran

Zigor Aldama 2016-05-17 13:45   Bidaide

Yin eta yang. Ura eta ardaoa. Gaua eta eguna. Bustia eta igarra. Kontrajartze formula asko erabili daitekez Mongoliako uriburua eta Txinako erregioa dan Barrualdeko Mongoliakoa konparetako eta danak dira zuzenak ze Ulán Bator eta Hohhot sano desbardinak dira. Herritarrak, barriz, danak dira bat.

Yin eta yang. Ura eta ardaoa. Gaua eta eguna. Bustia eta igarra. Kontrajartze formula asko erabili daitekez Mongoliako uriburua eta Txinako erregioa dan Barrualdeko Mongoliakoa konparetako eta danak dira zuzenak ze Ulán Bator eta Hohhot sano desbardinak dira. Herritarrak, barriz, danak dira bat, hau da, XIII. mendean, Koreatik Europa erdialdera, historiako inperiorik handiena sortzeko Gengis Kan-ek batu zituanak.

Orain, barriz, argi ikusten da XXI. mendean zeineik hartu dauen aurrea. Mongolia independentearen uriburuan, 1990eko iraultza demokratikora arte iraun eban ukutu sobietikoa nabarmentzen da erdialdeko eraikinetan eta bazter auzoetan, ostera, ger, nomaden yurta tradizionalen ilara ikusgarria agiri da; alderantziz, Hohhot herrian ez da mongoliar arrasto handirik atzemoten: Txinak agintzen dauen erregioan urigintza garapen bildurgarriaren eraginez, mongoliar hizkuntzearen goitik beherako letraz jositako torre erraldoiak dira nagusi eta txinatar ideogramarik ez da inon agiri. Horrezaz gan, nomadak aspaldi desagertu ziran eta egun nortasunik bako etxebizitza-torre horreetan bizi dira.

Horrezaz gan, Pekínek Han gehiengo etnikoaren etenik bako estepara migrazinoa ahalbidetu dau eta, ondorioz, Mongolia barrualdean bostetik bakarra da mongoliar etniakoa eta portzentajea % 10ekoa baino ez da uri handietan. Dalai Lamak berak 23 miloe lagunez osotutako erregio horren adibidea erabilten dau Tibet eta Xinjiang-ek bizi daben mehatxuaren barri emoteko. Gure bildur handiena da gure lurrean gitxiengoa izatea, mongoliarrei jazo jaken moduan adierazo dau lider espiritualak.

Erlian eta Zamiin-Uud urien arteko mugeak herrialde bien mugea ez eze, denporearen tunelaren funtzinoa be badauka; txinatar aldean autobus erraldoiak eta kotxe modelo barrienak dabiz sei erreidun autopistetan eta Gobi basamortuan dagoan muga-uri horretako herritarrak zabor-jatekoagaz elikatzen dira eta XXI. mendeko apartamentu erosoetan bizi dira. Mongoliako aldean, barriz, zuloz betetako errepideetan errusiar jeep zaharrak eta zaldunak baino ez dabiz eta uri ilun eta zikina da, egurrezko etxeak dituana.

Alde handiak dagoz janzteko moduari jagokonez be, izan be, Txinan modako zapatila eta zapata karuak, praka bakeroak eta mendebaldeko markak dagoz ugari; Mongolian, barriz, deel jantzia da nagusi, nomaden jantzi koloretsu tipikoa eta narruzko botak. Baina hemen be tradizinoa indarra galtzen dago. Txinaren eragina, telebista bidez heltzen dan globalizazinoa eta estepako bizimodu gogorra erabagigarriak dira mongoliarren milurteko estiloaren gainbeheran. Izan be, kalkuluen arabera, urtero 40.000 nomada galtzen dira eta 800.000 baino ez dagoz gaur egun.

Surenkhorol Buyanrogtokh da horreetako bat. Txinako mugatik oso urrun ez dagoan arren, 60 urteko abeltzain eta herrialdeko gamelu gidari onenak ez dau ezer gura Txinagaz. Txinak arazoak baino ez deuskuz jarten. Kutsadura handia eragiten dau eta gu geu eta gure abereak dira kaltetuenak, gure bizimoduan eragin zuzena dauen aldaketa klimatikoaren erantzukizun osoa dauka Txinak. Gure baliabideak ostu eta gure kulturea hankaz gora bialdu guran dabiz baina zorionez independenteak gara hemen, adierazo dau. Beste askoren antzera, haren familia txinatarren kontrako sentimendu gogorrekoa da eta, giro horretan, muturreko talde neonaziak be sortu dira etorkinen zein Mongoliako mea-baliabideak ustiatzen dituen Txinako enpresa handien kontra.

Mongolia Barrualdea hankaz gora jarri dabe eta orain gauza bera egin gura dabe gure herrialdeagaz politikari ustelak lagun hartuta salatu dau Aurunbold-ek, Tsagaan Khass-en gamma-kurutzea, esbastika zuria darabilenak. Txinatar erregioan ia ez dago mongoliar kulturearen arrastorik eta gu hemen gagoz Mongolian be holakorik jazo ez daiten esan dau. Horren erakusgarri: Xianshawan, dunak nagusi diran Mongolia Barrualdeko leku turistikoa, giza zoologikoaren paradigma bihurtu da; Txinak horixe baino ez dau nabarmentzen gitxiengo etnikoetatik eta garapen bide hori eutsiezina dala bistan geratzen da barriro.

Hemen dana da harri-kartoizkoa, mongoliarrak euren arbasoez mozorrotu eta nomaden bizimoduaren eszenak antzezten ditue dunak trenez zeharkatuz hurreratzen diran turisten aurrean. Hortik aurrera, gaua turistentzako egokitutako zementozko yurtaren baten edota inguruagaz bat ez datorren loto-lorearen etxurako hotel futurista erraldoian pasau ahal izango dabe. Hortik hur, gazteen artean dunan behera bueltaka ibiltea modan jarri dan lekutik hur, hemen urdina ez dan zerura dozenaka ufada gris bildurgarriak bialtzen dituan zentral termikotzarra dago.

Egia da tradizino gehienak hilda dagozala eta orain antzerkia baino ez dagoala hemen. Baina gure bizimodua nabarmen hobetu dala uste dot. Gure aitita-amomen antzera, ganaduagaz alde batetik bestera ibili beharrik ez daukagu. Etxebizitza erosoak daukaguz, umeak eskolara doaz, nahiz eta txineraz ikasi behar izan, eta erosteko gaitasun handiagoa daukagu dino Naranbaatar-ek, mongoliaren ikuskizunena parte hartzen dauen aktoreetako batek. Garapen bideak batzuetan sakrifizioak dakarz baina ni txinatarra naz lehenengo eta mongoliarra gero.

Naranbaatar-ek kontetan ez dauena da badirala mongoliarrak derrigor sedentarizazino prozesuan sartu dituenak. Zehatz esateko 2011. urtetik hona 650.000 mongoliar ingururi lurrak kendu deutsiez eta urietara bialdu beste aukerarik barik. Gobernua arduratuta ei dago gehiegizko abelburuek desertifikazinoa eta hare-ekatzak eragiten dituelako baina urietara bialdu dituen askok dinoe benetako arrazoia enpresen interesak dirala, ikatz eta beste mineral batzuen ustiaketa basatiak egiten dituen enpresen interesak. Greenpeace erakundeak berak be salatu izan dau aitatu jarduera horrek krisi sozial eta ekologiko larria eragiten dauela Mongolia Barrualdean.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu